Mundua bertzelakoa izateko

Kapitalismoaren eredua gaitzesteko, Frantziako Attac taldeak eta Bizi mugimenduak AlterHerria abian ezarri dute, jendeen arteko berdintasunean oinarrituriko herrixka alternatiboa, Mugerren.

AlterHerriako militanteek kapitalismoaren aurkako alternatiba eraiki nahi dute esperientzien trukaketatik. BIZI.
Aitor Renteria.
Mugerre
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Bertze mundu bat posible dela aldarrikatzeaz gain, mundu hori bertzela gauzatzeko urratsak egin dituzte Frantziako Attac erakundeak eta Bizi mugimenduak. Asteartean, herrixka alternatiboa antolatu zuten Lapurdiko Mugerre herrian, Elizaberri auzoko Ibar trinketean. Euri erauntsiak prestaketa lanak trabatu zituen, baina ez zuen gelditu militanteen ekimena. 50 lagun elkarretaratu ziren bertan, eta espero dute topaketetan 120 inguru pertsona biltzea.

«Bertzeei gogoa emateko gogoa piztea da helburu nagusia», dio Rafael Pradeau Attaceko kideak. Herrixka ez da arrunta, eta begi bistakoa da, taldean egiten dutelako herrixkaren aurkezpena, bertze talde bat afaria prestatzen ari den bitartean, bertze bat kanpoan komun idorrak prestatzen eta bertze multzo bat sokekin ariketak egiten. Frantziako estatu mailan antolatu dituzte topaketak. Gogoetak partekatu eta praktikan ezarri nahi dituzte, eta horretarako denbora hartu dute, elkarrekin biziz ukan nahi dute bertzeen lekukotasuna. Bizitzeko moldea bera sistemaren aurkako alternatiba erreala izatea nahi dute, hierarkiarik gabekoa, lanak taldean eginez eta itzulika.

Belaunaldi ezberdinetako militanteen bilgunea egin dute, eta teoriak zein esperientziak partekatuz, eguneroko bizitik abiatuta sistema kapitalistak alternatiba errealak dituela frogatu nahi dute. Ingurumenean haien aztarnarik ez uzteko, komun idorrak egin dituzte, eta eguzki indarrez dabiltzan dutxak. Ondoko laborariei erosi diete janaria, eta ostatua izan arren, dirua ez da baliatzen. Papertxo batzuetan idazten diote bakoitzari zenbat xahutu duen, eta bukaeran eginen dituzte kontuak.

Militanteen eskola

Ekimen berrien iturri izan nahi du Elizaberriko AlterHerriak, eta, horregatik, militante zaharrak formatu eta berriak erakarri nahi dituzte. Ateak zabalik daude, eta harrera beroa da sistema aldatu behar dela sinesten duenarentzat. Egunero bi biltzar egiten dituzte, egunerokoak kudeatu eta proposamenak aztertzeko. Bertan banatzen dituzte eginkizunak, «horizontalki, nagusirik gabe». Bizia iraunkorra izan dadin ekonomia bertakotu behar dela diote, munduan zabaldu den globalizazioaren alternatiba gisa.

Tailerrak eta mintzaldiak eginen dituzte iganderaino. Ez «orojakitun» diren ereduei jarraiki, ikuspegi ezberdinak aurkeztuko dituzten pertsonen bidez baizik. Eta mintzaldietariko batzuk keinuen laguntzarekin eginen dira.

Gai ugari aipatuko dituzte; hala nola Euskal Herriaren historia, krisialdi klimatikoa eta petrolioa, eta nola txikitu bakoitzaren aztarna ekologikoa. Tailerrak bezala, ikuspegi praktikotik antolatuak dira, geroan militante gisa eragiteko.

Aurkezpena egiten duten bitartean bi lagun soka batetik zintzilik daude. «Eskalada militantea» ikasten ari dira, geroan AHTaren, nuklearraren eta bestelako xedeen kontrako ekintzetan parte hartzeko. Irakaslea Alemaniatik etorri da. Militante berriak formatzea du xedea. «Pailazo trebakuntzak ere ukanen ditugu, Poliziaren aitzinean protestetan ez dakitelako nola iharduki umoreari», dio Mathieu Dorayk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.