Mundua ulertzen ikasteko

Nafarroako Autismo Elkarteak martxan jarri du udako bere eskola, aurreneko aldiz, ikasturteko lanak etenik izan ez dezan. Ekainean abiatu zen, eta hilaren amaierara arte egonen da zabalik.

Ezkerrean, autoarekin jolasean, Mario Nabarkorena, eskolako bertze hainbat kiderekin. NAFARROAKO AUTISMO ELKARTEA.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Uda garaian isiltasuna izaten ohi da nagusi ikastetxeetan, baina Iruñeko Jose Maria Uharte zentroan, oporrik ez da aurten. Nafarroako Autismo Elkarteak hartu ditu gelak, udako eskola egiteko. Goizeko 09:00etan puntuan, amaren eskutik helduta, bigarren solairuko bere gelan sartu da 4 urteko Mario Nabarkorena. Begi handiko haurra da. Alaia. Irribarre batekin agurtu ditu gelako arduraduna eta goiz osoan ondoan izanen duen boluntarioa. «Egun on» ere erran die, irribarrea galdu gabe. Lanerako prest da. Inguratzen duen mundua ulertzen ikasteko prest.

«Autismoaren inguruan mito anitz bada, baina gurearen gisako eskola batean sartu, eta guztiak bertan behera gelditzen dira». Tamara Mendozarenak dira hitzak. Psikologoa da, eta Nabarkorenaren gelako arduraduna. Haurrak musu bero bat eman dio ikusi bezain pronto. Haren ondoan, eta gelako bertze ikasleekin batera, kontent abestu du goizero abesten duten kanta. «Egun on, Mario, zer moduz?», galdetu dio, kantari, Mendozak Nabarkorenari. «Hagitz ongi!», erantzun dio mutikoak, pozik, eta txalo artean. «Jendeak uste du autismoa duen haurrak ez duela hitz egiten, ez duela inolako harremanik inguruan dituen pertsonekin, erabat bakartuta bizi dela. Graduak badaude, baina hemen agerian gelditzen da jendearen irudi hori ez dela zuzena. Garapen arazoak badituzte autismoa duten pertsonek, baina arazoei aurre egiteko lan egiten dugu hemen. Haurrek haur izaten ikas dezaten; ahalik eta autonomoen izan daitezen».

Gisako lehena Europan

Emaitza agerikoa da. Horixe uste du Nabarkorenaren ama Amaia Arizek. Nafarroako Autismo Elkarteko presidentea da Ariz, eta udako eskolaren bultzatzaile nagusietako bat. «Europan gisako lehendabiziko eskola da gurea; bi ezaugarri nagusi ditu, maitasuna eta alaitasuna. Horiek dira gure lehentasunak, eta haien ondorio gure haurrek ikastea», nabarmendu du. Haur bakoitzarekin aritzen den boluntarioarekin batera, psikologo, psikopedagogo eta logopeda talde zabala ari da udako eskolan lanean.

Abuztuko oporren eragina sumatzen da geletan, haur gutxiago baita egunotan. Hala ere, ekinaldiak uste baino erantzun hobea izan du. Hilaren amaierara arte egonen da zabalik. «15-16 haur espero genituen, eta 30etik goiti pasa dira jada», azaldu du Mendozak. 3 eta 10 urte bitartekoak dira; gehienak, 4 urte ingurukoak. Haur bakoitzarekin, boluntario bat dago. Boluntarioen artean badira gurasoak. «Garrantzitsua da eskolaren bidez ere gurasoak prestatzea». Etenik gabeko lana baita autismoa duten haurrek egin behar dutena. Autismoa ez duten haurrak ez bezala, ez direlako berez bertzeei so eginez ikasteko gai. Ikasten ikasi egin behar dutelako.

Lan hori egiteko tresna nagusia irudiak dira. «Autismoa duten haurrentzat ikusmena hagitz garrantzitsua da. Normalean entzumenaren bidez jasotzen dugun informazioa haiek begien bitartez ulertzen dute. Hitzekin batera, garrantzitsua da hitz horiek islatzen dituzten irudiak erabiltzea».

Irudiek ingurua ulertzen eta interpretatzen laguntzen diote autismoa duen haurrari. Lagungarri zaio, halaber, eguneroko errutinak ez direla hankaz gora jarriko jakitea. «Aldaketak ez dituzte maite. Hori dela eta, garrantzitsua da egin behar duten guztia ongi zehaztea eta egunero errepikatzen diren pautak ematea», erran du Mendozak.

Nabarkorenak ederki daki gelan nonahi dauden irudiak erabiltzen. «Pikto, pikto!», errepikatzen du, gelara sartu denetik. Bere irudia duen piktograma bilatu, eta haren azpian aurkitu du goizean egin beharreko zereginen zerrenda. Informazio guztia iruditan du. Mahai baten inguruan dauden aulkien piktograma jaso du, lehenik eta behin. Eta badaki horrek taldeko lana adierazten duela. Irudian bezala, mahaiaren inguruan eseri dira haurrak. Lanean hasteko prest.

Nabarkorenaren eta Martinezen gela ez da bakarra. Udako eskolan ari diren haur guztien beharrak, halaber, ez dira berdinak. «Bakoitzari behar duena ematea da kontua», azaldu du eskolako zuzendari Carmen Gandarak. Psikopedagogoa da, eta nabarmendu du haurrekin gazte-gazte direnetik lan egiteak duen garrantzia. Horretaz aspaldi konturatu zen Ariz. «Autismoa ez da sendatzen, baina hobera egiteko aukera amaigabea da». Datorren urterako, autismoa duten eta ez duten haurrentzako eskola du buruan. Elkarri irakatsi, eta elkarrekin ikas dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.