Indarkeria matxista

Mungian atxilotu dituzten bi gizonek emakumea atxiki zuten hiru egunez

Sexu eraso bat egitea egotzita atxilotu dituzte. Emakumeak salatu du bere bikotekideak eta haren etxekideak etxean atxiki dutela, eta eraso egin diotela.

Indarkeria matxistaren aurkako ikur bat, Bilboko balkoi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko maiatzaren 19a
09:45
Entzun

Udaltzainek 45 gizon bat eta 48 urteko beste bat atxilotu zituzten atzo goizaldean Mungian (Bizkaian), emakume bati sexu eraso bat egitea egotzita. Emakumea etxean atxiki dute hiru egunez, telefonorik gabe. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, erasoa astelehen goizaldean egin zuten, bi gizonak bizi diren etxean. Bizilagunek hots egin zieten udaltzainei, emakumearen garrasiak eta kolpe hotsak entzun zituztenean.

Udaltzainek, etxera sartu zirenean, odol arrastoak eta mahai puskatu bat ikusi zituzten sukaldean. Emakumearen garrasiak entzun zituzten, laguntza eske; gela batean zegoen, eta aurpegia odolduta zeukan. Udaltzainei azaldu zien liskar bat izan zuela bikotekidearekin, eta, jotzeaz gain, sexu harremanak izatera behartu zuela. Salatu zuen bikotekidearen etxekideak ere parte hartu zuela erasoan.

Bi gizonezkoak atxilotu zituzten «sexu askatasunaren aurkako delitu bat» egotzita, eta Ertzaintzak bere gain hartu zuen gertatutakoaren ikerketa. Emakumeak azaldu zuen bikotekidearen etxean zegoela atxiki egin zutelako hiru egun lehenago eta sakelako telefonoa kendu ziotelako. Hortaz, bi gizonezkoak legez kanpoko atxikitzeagatik ere ikertuko dituzte.

Atxilotuak epailearen esku utzi zituzten arratsaldean, Gernikako guardiako epaitegian (Bizkaia). Hark aske utzi zituen, eta epaitegi horretara joan behar dute hilero, hilaren 1ean eta 15ean.

Joan den astean, berriz, udaltzainek 39 urteko gizon bat atxilotu zuten Trapagaranen (Bizkaia), bikotekide ohia autoaren maletategian lotuta zeramala. Emakumezkoak ubelduak zeuzkan gorputzean, eta harengandik urruntzeko agindua zuen gizonezkoak.

Abadiñoko Udalak (Bizkaia) iragan larunbatean herrian izandako eraso matxista salatu zuen atzo. 23 urteko gazte bat atxilotu zuten, bikotekideari eraso egiteagatik. Udalak herritarrei eskatu die parte har dezatela mugimendu feministak antolatutako protestetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.