«Gaixoek bermatuta eduki dituzte otorduak». Hala adierazi zuen atzo Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Izan ere, mobilizazioak egin zituzten Osasunbide Nafarroako Osasun Zerbitzuko sukaldeetako langileek sukaldeetako zerbitzua «pribatizatzearen» aurka, eta greba egin zuten. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta egin zituzten egun osoko lanuztea eta manifestazioa.
Sindikatuen arabera, parte hartzea «arrakastatsua» izan zen. Aldiz, Nafarroako Gobernuak jakinarazitako datuen arabera, langileen %88 beren postuetan izan ziren. Hori bai, ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan zirela diote sindikatuek: %50ekoak.
Personal de cocinas en lucha. Pribatizaziorik ez lelopean atera ziren kalera Osasunbideko 400 bat langile Nafarroako ospitale eremutik barrena. «Sukaldeetako pribatizazioak» bertan behera utz ditzaten eskatu zien Imanol Pascual ELAko kideak Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari, Roberto Jimenez presidenteordeari eta Marta Vera Osasun sailburuari. Pascualek ez zien hori bakarrik eskatu, baita «krisi garaian arlo publikoa hazteko eta babesteko» ere.
David Mendaza LABeko bozeramaileak salatu du Poliziaren zaintza «neurriz kanpokoa» izan zela ospitaleetarako sarrera-irteeretan eta osasun zentroen barruan. Hala, haren esanetan, langileek ezin izan zuten lanuztea «normal» egin. Horregatik, kritika plazaratu du: «Langileen ordezkari orok du Osasunbideko edozein eraikinetan ibiltzeko askatasuna».
Carmen Pueyo CCOOko ordezkariak Nafarroako Gobernuren kritikei erantzun die: esan du politika egiten ari dena gobernua dela, gobernukideen soldatak igoz. Hori nafarrei «irain» egitea dela adierazi du. Haren hitzetan, horrez gain, langileen eskubideak eta osasun publikoa «deuseztatzea» ekar dezake sukaldeetako zerbitzua «pribatizatzeak».
Muniain: «Gaixoek bermatuta eduki dituzte otorduak»
Osasunbideko sukaldeetako grebaren «arrakasta» auzitan jarri du gobernuak; langileen %22k egin dutela dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu