Espainiako Gobernuak abortuaren lege erreforma bertan behera uzteko erabakiaz mintzatu da Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina, elizbarrutiaren webgunean plazaratu duen agiri batean. Aldarrikatu du bizitzaren eskubidea ez dela "edonolako eskubidea", "beste guztien aurretik" dagoela: "Argi dago; gobernu batek aurrera eramaten dituen politika ezberdinek ez dute bizitzaren babesa mugatzen", adierazi du.
Munillaren ustetan, "jokoan" dagoena bizitzeko eskubidea da, eta gizarteko "drama moralik handiena" da abortua: "Espainian egunero hirurehun bizitzatik gora suntsitzen dira, eskubiderik oinarrizkoena ukatzen zaie: bizitzeko eskubidea".
Politika arloan, "ustezko ezkerrak ustezko eskuinaren norabidea" markatzen duela iritzi dio: "Gero eta txikiagoak dira alderdi politiko ezberdinen arteko ezberdintasun ideologikoak, guztiek onartu eta bere egin dituztelako neokapitalismoaren, erlatibismoaren eta genero ideologiaren balioak".
Hainbat galdera aireratuz amaitu du testua: "Nork emango die ahotsa ahotsik ez dutenei? Nork emango die egoera larrian dauden emakume haurdunei abortatzeko eskubidea deitu den iruzur hilgarri honetatik kanpo,egiazko irtenbidea?".