Eliza

Munillak elizbarrutiaren "banaketa" eragin duela salatu du Eutsi Berrituz kristau taldeak

Gipuzkoako gotzain izendatu zutenetik bost urtera, eliza "gain behera" doala adierazi dute idatzi batean. Frantzisko aita santuak hasi duen erreformatik espero dute aldaketak etortzea.

Jose Ignacio Munilla Donostiako apezpikua. JUAN HERRERO, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko martxoaren 6a
15:42
Entzun

Oso kritiko ageri da Eutsi Berrituz Gipuzkoako kristau taldea Jose Ignacio Munilla, Donostiako elizbarrutiko apezpikuarekin. Karguan bost urte bete ditu jada, eta arazoa, izendapenean bertan egon dela esan dute: "Rouco kardinalaren asmoa, On Jose Ignazio Munilla  On Joan Maria Uriarteren ondorengo izendatzea zen eta, horrela, gure elizbarrutiaren norabide erratua zuzentzea". Izan ere, elkarteak gogorarazi duenez, Espainiako Elizako arduradunek uste zuten Gipuzkoako elizbarrutia "politizatuegia" zegoela eta, "arrunt nazionalista zela".

Elizaren ikuspegi "piramidala eta autoritarioa" duela salatu du elkarteak, "elizbarrutiaren jabe bakarra bailitzan jokatzen du". Hala, berarekin kritiko diren apaiz, erlijioso zein laikoak "pastoralki porrot" egin duen jendetzat hartzen dituela salatu dute. Horren adibide gisa jarri dute iaz ia ehun apaizek sinatu zuten gutun kritikoarekiko agertu zuen jarrera itxia. 

Jarerra horren ondorioz, Gipuzkoako elizbarrutian urteetan egon den elkartasuna "lausotu eta kraskatu" egin duela salatu dute, eta areagotu egin direla desadostasunak eta zatiketa, "bi sentiberatasun pastoral guztiz desberdin sorraraziz".

Beren ustez, Munilla "inprobisazioz" jokatzen ari da, eta horrek gain behera jarri du elizbarrutiko eliza.

Aita santutik urruti

Munillaren irakaspena "teologikoki pobrea" dela diote, eta ez duela sintoniarik herriaren kulturarekin. Hala, elizabarrutian egiten ari ziren eraberritze pastorala bazter utzi izana kritikatu dute. Prozesu horretan berrehundik gora laiko bildu zituzten, besteak beste. "Bistan dugu On Jose Ignazio Munillaren pentsaera eta jarduera guztiz urrun daudela Aita Santuaren sentieratik, pentsaeratik eta jardueratik".

Hain zuzen, kristau elkarteak espero du Frantzisko aita santuak hasi duen elizaren erreforma egunen batean iritsiko dela Gipuzkoako elizbarrutira ere, "eta, orduan, berreskuratuko ahal izango duela misio ebanjelizatzailea gaur eta hemen gauzatzeko beharrezkoa duen sintoniaren eta elkartasunaren giroa".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.