Eliza katolikoa

Munillak onartu egin du Donostiako apaiztegiko zuzendariaren dimisioa

Pablo Ormazabalek Eliza katolikoaren buru Frantziskoren kontrako gutun bat sinatu zuen, haren «ekintza heretikoak» gaitzesteko.

Ormazabal, azken Aste Santuko 'Via Crucis'-a ospatzen, Donostiako kaedralean. DONOSTIAKO ELIZBARRUTIA
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 9a
16:13
Entzun

Azken egunotan iragarritakoa bete egin da gaur: Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak onartu egin du Pablo Ormazabal hiriko apaiztegiko zuzendariaren dimisioa. Ormazabal Eliza katolikoaren alorrik integristeneko kidea da, eta Frantzisko Elizaren buruaren kontrako gutun bat sinatu zuen. Horrek ezinegona sortu du Gipuzkoako elizkideen artean.

Ormazabalek (Beasain, Gipuzkoa, 1973) Contra recentia sacrilega: Frantzisko Aita Santuaren ekintza sakrilegoen kontrako protesta izenburuko gutuna sinatu zuen azaroaren 13an, nazioarteko hainbat apaiz, teologo eta irakaslerekin batera.

Frantziskok urriaren hasieran Erroman Amazoniako Sinodoa bilkuraren harira eginiko hainbat ekintza «heretiko» gisa salatu dituzte gutun horretan: besteak beste, urriaren 4an Ameriketako hainbat herri indigenaren Pachamama jainkosaren aldeko «gurtza idolatrikoa» egin izana Vatikanoan. Ondoren, Pachamamaren egurrezko figura bat jarri zuten Erromako eliza batean. Gutunean kontatzen dutenez, «katoliko sumindu batzuek» Pachamamaren figura lapurtu zuten, eta Tiber ibaira bota. «Frantzisko Aita Santuak barkamena eskatu zuen ekintza horrengatik, eta berriz jarri zuten Pachamamaren beste figura bat elizan. Beraz, berriz egin zuten profanazioa». Aimaraz eta kitxuaz pacha hitzak lur edo mundu esan nahi du, eta mama hitzak, ama. Pachamama, beraz, ama lur litzateke.

Sinatzaileek Frantziskori eskatzen diote «jendaurrean damutzeko bekatu zinez handi horiengatik, eta Jainkoaren eta benetako erlijioaren kontrako irain publikoengatik».

Gutunak ezinegon handia sortu du Elizaren barruan, eta askok nabarmendu dute delitutzat har daitekeela, Elizaren barneko arauen arabera.

Ormazabal Eliza katolikoaren alderdirik kontserbadoreenarekin lerrokatuta zegoela ezaguna zen, besteak beste, Twitterren bidez plazaratzen zituelako bere iritziak, askotan Frantziskoren aurkakoak. Gutunaren sinatzaileen artean zegoela zabaldu zen duela astebete, eta ekainaren 4an sare sozialeko kontua indargabetu zuen Ormazabalek. Atzo bilera egin zuten harekin apaiztegian, eta gaur iragarri dute datorren ikasturtean ez dela zuzendaria izango.

Ormazabal Alcalan (Espainia) izendatu zuten apaiz, eta Munillak berak ekarri zuen Euskal Herrira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.