Sindikalismoa

Muñoz: "Orain artekoa basatia izan da, baina hau ez da bukatu"

ELAko idazkari nagusiak "adi" egoteko eskatu du, etorkizuneko legeak ere langileen kaltetan etorriko direlako.

Miren Garate.
2014ko ekainaren 20a
21:22
Entzun

Manu Robles Arangiz fundazioak eta Bergarako UNEDek antolatuta, Erasoak ordezkaritza kolektiboari eta berrikuntza sindikala izeneko jardunaldiak ari dira egiten atzo eta gaur Donostiako Ibaeta campusean. ELAko ordezkariekin batera, han dira Quebeceko CSN eta Italiako Fiom sindikatuetako kideak ere.

Joseba Villarreal ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak nabarmendu du enpresa hitzarmenak gero eta gehiago sinatzen direla Hego Euskal Herrian. Lan erreforma onartu zenetik, 300dik gora adostu ditu sindikatuak, eta beste bederatzi lan hitzarmen kolektibo. "KPIaren erreferentzia, ultraaktibitatea eta aplikatuko den bermea izatea eskatzen diegu sektoreko hitzarmenei. Sinatzeagatik edukietan atzera egiten hasten bagara, horrek ez du mugarik".

Sindikatu batzuek enpresa hitzarmenak eta enpresa akordioak elkarren pare jartzen dituzten arren, ezberdinak direla gogoratu du. "Enpresak nahiago ditu akordioak, hitzarmenak lege bihurtzen direlako eta bermeak ematen dituztelako. Horregatik ez dugu ulertzen batzuek zergatik esaten duten berdinak direla".

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak antolakuntzari, sindikalizazioari eta aldarrikapen ekintzei lehentasuna ematen dien sindikalismo eredua defendatu du. Haren esanetan, beste bi eredu ere badaude: "Alde batetik, zerbaitetan ari diren itxura ematen dutenak daude, elkarrizketa soziala da adibide bat; bestetik, sindikatua menpeko tresna bat dela onartzen dutenak". Azken multzo horretan sartu du LAB, "alderdiak erabakitzen dituelako estrategiak".

Muñozen arabera, patronalak badaki legea bere alde izango duela, horren adibide da Rajoyri beste erreforma bat eskatzen diola oraindik. "Sindikalismoak ez ditu beste bost urte esnatzeko. Adi egon behar dugu. Orain artekoa basatia izan da, baina hau ez da bukatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.