atxiloketa

Mureteko kartzelan sartu dute Agudo, eta Pauek asteartean aztertuko du euroagindu eskaera

Abokatua atzo atxilotu zuten, Hendaian, Guardia Zibilak aurretik Oiartzunen bere bulegoa miatu ostean. Gaur 18:30ean elkarretaratzea egingo dute Hendaian, Gaztelu Zaharren. AAMk azpimarratu du "lan politiko eta juridiko publikoa" egiten duela Agudok.

2009ko urriaren 29a
09:10
Entzun
Mureteko (Frantzia) espetxean sartu dute gaur Joseba Agudo abokatua, behin-behinean, aurretik Paueko Epaitegitik pasatu ondoren. Frantziako Poliziak atzo arratsean atxilotu zuen, Hendaian (Lapurdi), eta Baionako polizia etxean eduki dute gauean. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura Espainiaratzeko eskatu du, eta Paueko Auzitegiak asteartean aztertuko du euroagindu eskaera.

Kanttu ostatuaren kanpoan atzeman zuten, euskal iheslariekin harremana duelakoan, besteak beste. Aurretik, goizez eta arratsaldean, Guardia Zibilak haren bulegoa miatu zuen, Oiartzunen (Gipuzkoa), Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azpimarratu du Agudok "lan politiko eta juridiko publikoa" egiten duela. "Azken urteotan munduan sakabanatuak dauden euskal iheslari politikoen defentsa egin du; besteak beste, hainbat estradizio eta kanporatze arriskuri aurre egin behar izan die". Ertamerika eta Hego Amerikako hainbat naziotan ibili da "bereziki", AAMk dioenez, "euskal iheslari politikoen defentsa egiteaz gain, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa azaltzen. Hara egindako bidaietan espainiar polizien jarraipenak eta kontrola pairatu izan ditu etengabe".

Iragarri zuten atxiloketa

Atxiloketa goizeko lehen orduetatik iragarri zuten hedabide batzuek: Guardia Zibilak Agudo atzeman zuela zabaldu zuen Espainiako Irrati-telebistak. AAMk ukatu egin zuen abokatua atxilotuta zegoela, eta azaldu zuen gertatutakoarekin agerian geratu dela "errepresio estrategian Espainiako Gobernuak menpean dituen komunikabideak nola erabiltzen dituen". AAMk, dena dela, ohartarazi zuen hurrengo orduetan bazitekeela "miaketa gehiago eta atxiloketak" gertatzea. Hori iragarri eta gero atzeman zuten Agudo.

Gaur 18:30ean elkarretaratzea egingo dute Hendaian, Gaztelu Zaharren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.