Euskal presoak

Muretera joan dira hainbat lagun, Xabier Etxeberria presoari elkartasuna adieraztera

Martxoaren 3tik gose greban dago, Espainiaratzeko arriskua baitu. Bederatzi kilo galdu ditu. Hilaren 31n beteko du Frantziako Estatuan ezarri zioten espetxe zigorra.

2009ko martxoaren 19a
18:24
Entzun
Xabier Etxeberria Txapi (Azpeitia, Gipuzkoa) presoa gose greba egiten ari da Mureteko (Frantzia) espetxean martxoaren 3tik, Espainiaratzeko arriskua duelako, eta gaur Azpeititik hainbat lagun hara joan dira autobusean, Etxeberriari elkartasuna adieraztera eta egoera salatzera.

Presoak hilaren 31n beteko du Frantziako Estatuan ezarri zioten espetxe zigorra. "Xabier kanporatua izango balitz Espainiako segurtasun indarren esku gelditzeko arriskuan egongo litzateke, tortura arriskuarekin", esan du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM).

AAMk emandako datuen arabera, Etxeberriak gose greba dagoen bi asteotan bederatzi kilo galdu ditu, eta bizi duen egoera kezkaz bizi dutela adierazi dute. "Berriz ere neurri gogorrak hartu beharrean aurkitu da euskal preso politiko bat, bere eskubideen aldarrikapena egiteko bide bakar bezala".

Duela sei urte atxilotu zuen Frantziako Poliziak Etxeberria, Bourges herrian, ETArekin lotura zuelakoan. Jabi Agirre azpeitiarrarekin batera atzeman zuten, eta hori iazko urte bukaeran Espainiaratu egin zuten, Frantziako zigorra bukatu ostean; Soto del Real espetxean daukate harrezkero.

AAMren ustez, Xabier Etxeberriak bizi duen egoera espetxeetan ematen ari diren "etengabeko jazarpenen" ondorio da. "Espainiako eta Frantziako gobernuek benetako apustua egin dute herri honetako sektore oso bat ezabatzeko".

Lehengo ostiralean Azpeitiko anbulategi aurrean elkarretaratzea egin zuten, "Xabierrek Euskal Herrian libre bitzitzeko duen eskubidea alkarrikatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.