Aste honetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak utzi egin dio orain arte ematen zituen zenbait datu jakinarazteari, koronabirusaren bilakaeraren inguruan egunero banatzen duen buletinean. Nekane Murga Osasun sailburuak arrazoitu du aldaketa hori, esanez egoera «aldatu» egin dela, eta orain beste informazio mota bat behar dela pandemiaren bilakaeraren jarraipen zehatza egiteko. «Hobetzeko asmoz ari gara lanean», esan du sailburuak.
Adibidez, udalerri eta osasun eremuen araberako datuei dagokienez, Murgak esan du datu horiek ematen jarraituko dutela baina «egunez egun banaturik» eta kasu berriekin batera. Datu orokorrak, aldiz, astean behin baino ez dituzte emango.
Erietxeetako datuei dagokienez, Murgak esan du datu horiek emango dituztela baina «findu» egin behar direla. Adibide bat jarri du: koronabirusa izan eta sendatu den norbait berriro ospitaleratu behar badute COVID-19arekin zerikusirik ez duen arrazoiren bat dela medio, estatistiketan pertsona hori berriro agertzen zen koronabiruseko positibo bat balitz bezala. Esan duenez, horrelako okerrak konpondu nahi dituzte datuak jaso eta emateko sistema berriaren bidez.
Gainera, Murgak esan duenez, Espainiako Osasun Ministerioak aldaketak egin ditu datuak jasotzeko moduan, eta orain egun osoko datuak emateko eskatzen die autonomia erkidegoei, 24:00 arte, eta ez 20:00 arte, pandemia hasi zenetik egin izan den bezala.
Aldaketak taldean
Murgak erantsi du aldaketa horiek guztiak bat etorri direla denboran «informazioa koordinatzen aritzen den taldearen berritzearekin». Murgak eskerrak eman dizkie «orain arte lanean aritu direnei» eta aurrerantzean taldean partaide izango direnei, baina ez du xehetasun gehiago eman. «Taldea lanean ibili da hilabete hauetan guztietan, eta aurrerantzean ere hala egingo du, partaide gehiagorekin», esan du.
Beste iturri batzuek, ordea, bertsio zeharo desberdina eman dute taldearen «berriztatze» horren inguruan. El Confidencial agerkariaren arabera, «tentsio handia» dago taldean, lan zama handia delako, eta eskura dituzten baliabideak, berriz, urriak, eta txostenak egiteko ardura zuen epidemiologoak, Imanol Montoya ikerketa zerbitzuko buruak, dimisioa eman du.