Murga: «Hau bigarren olatua da»

Azken orduetan nabarmen ugaritu dira kasuak Hego Euskal Herrian: 419 positibo atzeman dituzte, atzo baino 108 gehiago.

Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburua agerraldi batean. JAVIER ETXEZARRETA/EFE
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 6a
13:43
Entzun

COVID-19aren egoera okerrera doa egunez egun: bigarren olatuan gaudela adierazi du Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Azken egunetan, kasuek nabarmen egin dute gora, eta birusa "tokia hartzen" ari dela esan du sailburuak. Murgak gogorarazi du olatu hau ez dela martxokoa bezain oldartsua, baina birusaren eragina ez dela "gutxietsi": "Ez da ahulagoa orain, eta ez du gutxiago hiltzen".

Gogor jardun da sailburua prentsaurrekoan, eta argi utzi du harremanak murriztu beharra dagoela: "Hainbeste kasurekin, normaltasun berria ez da posible: ohiturak aldatu behar ditugu, eta jendearengandik urrundu". Hain zuzen ere, gehienak aisialdian kutsatzen direla adierazi du Murgak, eta "ezinbestekoa" dela bakoitzak harremanak dituen pertsona kopurua murriztea. Era berean, gehitu du ez duela "inolako zentzurik" festak bertan behera uzteak baldin eta festa horiek etxeetan edo bestelako tokietan ospatzen badira.

Sailburuak ohartarazpen bat helarazi die herritarrei: aste honetan, edozein jarduera sozialetan jendea kutsatzeko arriskua dago; beraz, ahal dela ez da halakoetan parte hartu behar. Datozen egunetan kutsatzeak igo egingo direla jakinarazi du Murgak, eta, horrekin batera, ospitaleratzeak. Uda hasieran, ospitaleratzeak ez ziren ugariak, baina gehitu egin dira horiek ere, eta, oraintxe, egunero norbait sartzen ari da ZIUetan. Oraingoz, Osakidetza ez dago kolapsaturik, baina Jaurlaritzak iragarri du soilaru eta ZIU berriak prestatuko dituztela. 

Oraintxe, 98 pertsona daude Hegoaldeko ospitaleetan, gehienak Bizkaian, eta bederatzi pertsona ZIUetan daude. Positibo gehienak, hain zuzen ere, Bizkaian detektatu dituzte: 233, atzo baino 78 gehiago. Nafarroan, 81; Gipuzkoan, 57 izan dira; Araban, 44; eta erkidegotik kanpo, lau. Kezka berezia sortzen dute Bilbo, Gasteiz eta Barakaldo hirugune handiek, bertan pilatu baitira egunotan kasu gehien. Murgaren esanetan, inguru horietan joan-etorri asko izateak eragina du kutsatu kopuruan.

Azken egunetako proba masiboen emaitzak ere jakinarazi dituzte agintariek. Nafarroan 84 PCR test egin dizkiete Tuterara fruta jasotzera etorritako langileei, eta negatibo eman dute guztiek. Urdulizko ospitalean 523 test egin dituzte orain arte, Erandioko batzokian izandako agerraldiarekin lotuta: horietatik lauk positibo eman dute. Gaur beste 257 proba egingo dituzte. Basurtuko ospitalean, berriz, beste 154 test egin dituzte agerraldi berarekin lotuta, eta positibo bat izan da. Bestalde, Fever diskotekan izan ziren 111 pertsonek ere egin dute proba, eta 18 positibo atzeman dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.