EUSKARA

Murgiltze ereduak lege bat behar duela erran dio Seaskak Frantziari

Frantziako Hezkuntza, Kultura eta Barne ministerioetako kabinete arduradunek Seaskako eta Eskolim taldeko ordezkariak hartu dituzte Frantziako Parlamentuan. Argazki bilduma: Seaskakoak, PSren egoitza okupatzen.

Aitor Renteria.
2013ko uztailaren 16a
21:12
Entzun

Paxkal Indo Seaskako lehendakaria eta Hur Gorostiaga zuzendaria izan dira bilkuran. Ipar Euskal Herriko hautetsiak ere izan dira bertan, bertzeak bertze Frederique Espagnac, Sylviane Allaux eta Colette Capdevielle. Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidente eta senataria ere bertan izan da.

Lehen lan bilkura izan dela erran du bukaeran Gorostiagak. Seaskak argi azaldu du ikastola baten arazo gisa abiatu dena ikastola guztien arazoa dela. Falloux legeak eragin zuzena du murgiltze ereduan ari diren eskola sistema guztietan. Horrek arazo larria dakarrela erran dio Seaskak Frantziari. Arazo hori konpontzeko molde eraginkorrena lege bat osatzea dela erran diote.

Ministerioetako teknikariek erran dute haiek ez dutela eskumenik erabakitzeko eta proposamena helaraziko zutela, bakoitzak bere ministeriora. Gogorarazi dute Falloux legea aldatzea ez dagoela beren esku, Parlamentuari dagokiolako legeak egitea edo aldatzea. Atzo berean zabaldu zen Filipetti batzordearen txostenean agertzen denez, Hezkuntza Ministerioak berak hobetsi du aterabide bat atzematea murgiltze ereduentzat, eta onartu gaur egun indarrean dagoen sistemak traba ugari eragiten dituela.

Ez dute berriz biltzeko egunik jarri, baina arazoak bere horretan dirau, eta Gorostiagak erran du berriz bildu beharko dutela aterabidea atzemateko.

Bilera eske

Uztailaren 3an, Seaskako guraso eta irakasle talde batek PS alderdiak Baionan duen egoitza okupatu zuen. Uztailaren 6an, Seaskak okupazioa utzi zuen ministerioetako ordezkariekin eta euskal parlementariekin hitzordu bat izanen zutela agindu zietelarik. 

Bilerak "lan bilkuren abiapuntua" izan behar duela erran zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Baionako PSren egoitzaren okupazioan argi utzi zituen helburuak Seaskak: ikastolen egoitzen arazoari konponbidea ematea, baina, bereziki, lege geriza lortzea euskara eta ikastolentzat. Eskolim taldeko ordezkaritza egitasmo horri gehituz, lege gerizaren eztabaida Frantziaren agintepeko lurralde osoan kokatu du Seaskak.

Capdeviellek ere onartu zuen lege baten beharra okupazioaren azken egunean, eta diputatu gisa eskatu zion Frantziako Gobernuari murgiltze ereduan ari diren eskola guztientzat lege bat onartzeko. Capdeviellek erran zuen Falloux legearen interpretazio hertsia gainditu eta hizkuntza gutxituetan diharduten murgiltze ereduek lege babesa behar dutela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.