Alarma piztu dute. Mendeko Pertsonen Eskubideen Aldeko Plataformako kideek Nafarroan gertatzen ari diren murrizketak salatu dituzte, eta nabarmendu dute neurri horiek mendekoen arretan eta haien bizi kalitatean eragin handia izaten ari direla.
50.000 pertsona inguruk dute mendekotasuna Nafarroan. Haietako 7.000 inguru zentro berezietan bizi dira. Gainerakoak, berriz, haien familiek artatzen dituzte, etxean.
Mendekoek eta haien zaintzaileek jasotzen dituzten laguntzetan azken boladan gertatu murrizketak nabaria izan direla salatu du plataformako kide Isabel Arboniesek, eta egoerak okerrera egin dezakeela ohartarazi du. Espainiako Gobernuak ere murrizketak egin dituela, eta neurri gehiago hartzeko asmoa baduela azaldu du Arboniesek.
Arazo nagusietako bat da mendekotasun handia dutenen taldea murriztu egin dela azken hilabeteetan. “Mendekotasun moderatua duten ia 2.000 pertsona artatzen ditu Nafarroako Gobernuak. Mendekotasun handia dutenen taldea, berriz, %11,83 murriztu du. Horrek erran nahi du lehen mendeko handitzat jotzen ziren pertsona anitz, ebaluazioa berriz egiterakoan, multzo horretatik atera eta mendekotasun moderatua dutenen taldean sartu dituztela. Neurri hori ekonomikoa da, dirua aurreztea bertzerik ez du bilatzen”, salatu du Arboniesek.
Plataformak gizarte osoari egin dio arduraz jokatzeko eskaera. “Denoi dagokigun kontua da. Eta egoerak berdin jarraitzen badu, familia anitzek benetako tragediak biziko dituzte”. Espainiako Gobernuak menpekotasun handia dutenak bakarrik artatzeko agertu duen asmoa gogor kritikatu du Arboniesek.
Plataformak elkarretaratzea eginen du ostegunean, 20:00etan, Nafarroako Gobernuaren aurrean, murrizketen aurka.