Murugarrenen 21,5 hektarea uztondo erre dira, makina batek su hartuta
Sute batek 21,5 hektarea erre ditu Nafarroan, Murugarrenen. Ostiralean piztu zen sua, uzta biltzen ari zen makina batek linea elektrikoko kable bat ukitu eta gero. Makinak su hartu zuen aurrena, eta gero inguruan zeuden zakarretara pasatu zen sua. Ke sendoa sortu zen, eta ordu batzuz NA-120 errepidea itxita eduki zuten foruzainek. Suhiltzaileek ostiralean 14:20 aldera jaso zuten abisua, eta 17:00ak alderako itzali zuten. Errepidea ere orduan ireki zuten. Baina sua berriz piztu zen haizearekin, eta Murugarrenera gerturatu zen. Iluntzerako kontrolatu zuten suhiltzaileek. Atzo bertan jarraitzen zuten lanean, sua berriro ere ez indartzeko lanean. Uztondoa erre da, batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu