Musikari bakar baten izenik ez dute aurreratu oraindik, eta ezta sarreraren zenbatekorik ere. Baina handia izango da jaialdia. Oraingoz, hori da ekitaldia antolatzen duten Last Tour International enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak helarazi nahi izan duen mezu nagusia. Jaialdiaren neurria eta garrantzia da azpimarratu nahi izan dutena. 2 milioi euroko aurrekontua izango du egitasmoak, eta 500.000 euroko laguntza eman du aldundiak. Handia da antolatzaileen asmoa ere: Udazkenean, Europan musika industriarentzako erreferentzia bilakatzea.
Bi atal izango ditu jaialdiak. Industriako profesionalei eskainiko dizkiete jaialdiko lehen hiru egunak, eta publiko orokorrari azken biak. Asteburua, hain zuzen ere. Barakaldon (Bizkaia) izango dira emanaldi horiek. BECen. Bost eszenatoki hartuko ditu, eta 50 artistak hartuko dute parte. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba izango dira gune horietako baten ardatza. Oraindik zehaztu ez duten herrialde gonbidatu bati eskainiko diote beste bat, eta mixtoak izango dira beste hiruak. Jende “esanguratsua” izango dela da oraingoz aurreratu duten bakarra. Eta baita 16.000 pertsona espero dituztela ere. Eta 2.000 gehiago erakarri nahi dituzte lehen egunetan.
Jaialdiko lehen hiru egunak profesionalentzako izango dira. Ez haientzako bakarrik, baina haientzako, batez ere. Enpresa eta instituzioen arteko harremana laguntzea, gogoeta bultzatzea, industriaren egoera biziberritzeko bide berriak bilatzea izango dira lehen egunetako jardunaldien ardatzetariko batzuk. Baina izango da publikoaren eta profesionalen arteko elkargune lanak egingo dituen lekurik ere. Disko aurkezpenak izango dira, hitzaldiak, eztabaidak eta kongresuak.
Bilboko Rekalde aretoan, eta Getxon izango dira ekitaldiak.
Musika
Musikari eskainitako bost eguneko jaialdia egingo dute azaroan BECen
Azaroaren 19tik 23ra ospatuko dute Bizkaia International Music Experience jaialdia (BIME). Hitzaldiak izango dira industriako jendearentzako, eta 50 artista batuko dituen jaialdi bat ere izango da BECen publiko orokorrarentzako. Lehen mailako musikariak izango dela aurreratu dute, eta 18.000 pertsona biltzeko asmoa dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu