Muskizko alkateari babesa adierazi dio EAk, eta plataformaren aurka egin du

Koke plantaren aurkako plataformari «alderdi batzuen zerbitzura» aritzea leporatu dio Eusko Alkartasunak

ERREDAKZIOA / BILBO
2009ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Koke plantaren auzian Muskizko Udalak (Bizkaia) izan duen jarrera babestu egin du Eusko Alkartasunak. Gonzalo Riancho alkateak (EA) salatu du irainak jasan dituela, eta iragarri du neurriak hartuko dituela horrelakorik berriro gerta ez dadin. Gertatzekotan, auzitegietara joko du.

Muskizko Eusko Alkartasunaren arabera, iragan osteguneko osoko bilkuraren ondoren iraindu egin zuten herriko alkatea. Bilera amaitzerako, kontzentrazioa antolatua zuen koke plantaren aurkako plataformak, udaletxe atarian, Muskizko Udalak baimena eman diolako Petronorri herrian koke planta egiteko. EAk dio bilkura bukatu eta udaletxetik atera zenean irainka hasi zitzaizkiola Rianchori, eta aurpegira listua bota ziotela.

Tramite guztiak amaitu aurretik, asteartean etorri zen Udalaren baimena. Udalbatzak (EA eta PSE-EE) baimena eman zion Petronorri koke planta egiteko, eta erabakiak ez du osoko bilkuratik pasatu beharko. Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik ere eman koke planta egiteko behin-betiko Ingurumen Baimen Bateratua (IBB), eta Kostaldeetako Zuzendaritzak ere egin gabe dauka oraindik proiektuaren inguruko txostena. Udalbatzako bost zinegotzietatik batek baimenak ematearen aurka bozkatu zuen, Marcos Cuco Ingurumen zinegotziak (EA). Adierazi zuen udal idazkariaren txosteneko gomendioei jarraituta hartu zuela erabaki hori, eta nabarmendu zuen baimenak emateko prozedura «oso argia» dela.

Muskizko Udalaren erabakiarekin gustura azaldu zen iragan astean Josu Jon Imaz, Petronorreko presidentea. Lanak hilabete honetan bertan hasteko asmotan direla adierazi zuen, eta 2011n lanean hastea espero dutela. Koke planta eraikitzea oso garrantzizkotzat jo zuen Imazek, bestela Petronorren findegia «arriskuan» legokeelakoan.

Plataforma, «logikaz kanpo»

Erabakiaren aurretik ere baziren mobilizazioak herrian, eta erabakiaren ondoren ere izan dira. Eusko Alkartasunak dio udalak hartutako erabakiengatik «normala eta zilegia» dela herritarrek azalpenak eskatzea. «Horretarako aukeratu zituzten, eta osoko bilkura da herriko kargu publikoen ekintzei buruz azalpenak eskatzeko foro egokia». Baina ez du bidezko ikusten alkatearen aurka irainak egiten aritzea. Hartara, herritarrei eskatu die, Udalbatzak koke planta egiteko baimena emanda legea ez duela bete uste badute, salaketa aurkezteko auzitegietan.

Osteguneko elkarretaratzera koke plantaren aurkako plataformak deitu zuen, eta, EAren hitzetan, haren helburua Muskizko Udala «presionatzea» zen. Plataformaren jarduna «logika guztietatik kanpokoa» dela uste du Eusko Alkartasunak. «Helburu jakin batzuen alde egiteko sortu zen plataforma bere garaian, eta alderdi jakin batzuen zerbitzurako tresna bilakatu da. Hasieranzuen egiteko onari izena kendu dio».

Koke plantaren aurkako plataformak iragarria du Muskizko Udalaren aurka auzitegietara joko duela koke planta egiteko baimena eman diolako. «Prebarikazioa» egitea leporatuko dio udalari, tramite guztiak amaitu aurretik eman diolako oniritzia Petronorrek aurkeztutako proiektuari. EAren esanetan, ordea, «euren argudioak ostegunekoa bezalako ekintzekin defendatzen badituzte, beren buruari arrazoia kentzen diote».

Gonzalo Riancho alkatea azken bi urteotan egiten ari den lana goraipatu du EAk. «Bere gestioarekin erakusten ari da goberna daitekeela azken 28 urteetan Muskizen egin ez den bezala». Bide batez, alderdi politikoen aurka egin du. «Badirudi batzuek atzera egin nahi dutela, ez zirelako eurak izan herriaren konfiantza jaso zutenak».

Bien bitartean, plataformak mobilizazioekin jarraitzeko asmoa du. Iragan asteburuan, esaterako, itxialdia egin zuten ostiral iluntzean, eta larunbat eguerdian 500 lagun inguruk kontzentrazioa egin zuten. Martxoaren 1ean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo diren egun berean, koke plantaren inguruko herri galdeketa egin nahi du plataformak. Udalari eskatu zioten lehenago galdeketa egiteko, baina ez zuen egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.