Muskizko Arena hondartzako (Bizkaia) dragatze lanek ingurumenari ez diotela kalterik egiten esan du Bilboko Portuko Agintaritzak. Jose Ramon de la Fuente Portu Agintaritzako presidenteak atzo Bilbon egindako agerraldian azaldu zuenez, «ikerketa guztiek» diote ez hondartzari, ez bertako ekosistemari ez dietela kalterik egingo lanek. «Beraz, proiektu honi egindako kritikek ez dute oinarri zientifikorik, eta irizpide pertsonaletan oinarrituta daude, hondartzan ez baita kalterik egin, eta kutsadura arriskurik ez dago».
Dragatze lanak Zierbenako portua eraikitzen jarraitzeko egiten ari da Portuko Agintaritza. De la Fuentek jakinarazi duenez, hondartzatik sei milioi metro kubo hondar ateratzeko asmoa zuten, baina Azti-Tecnalia teknologia zentroaren gomendioei jarraituz, 4,8 milioi aterako dituzte-erdiak 2009ko azaroaren eta 2010eko otsailaren artean atera zituzten-. Datorren hilean hasiko dute lanen bigarren fasea.
De la Fuentek dio ingurumen arloko teknikari eta adituek baieztatu dutela dragatze lanek portuaren kanpoko aldean utziko duten eragina «hutsala» izango dela. Lanak gelditzeak edo atzeratzeak Bilboko Portuari «ehun milioi eurotik gorako zorra» eragingo liokeela ohartarazi du, gainera. Lanek legea betetzen dutela azaldu du, eta horien aurka protesta egin dutenei «arduragabekeriaz» aritzea leporatu die.
Arenako Hondartza Desagertzearen Aurkako Plataformak «gezurretan» aritzea leporatu dio Bilboko Portu Agintaritzari. «Hondartzara joan eta haren egoera norbere begiekin ikustea besterik ez dago. Ez da zientzialaria izan beharrik egoeraren larritasunaz ohartzeko», dio Damaso Lazkano plataformako kideak. Lanek utzitako eraginik ikusgarriena hondartzaren ekialdean dago Lazkanoren arabera, «hamar hektarea inguruko» eremuan. «Hondarra hiru metroko sakoneran desagertu da hor».
Harriak hondartzan
Hain zuzen ere, hondartzaren alde horretan pilatutako harriek zeresan handia eman dute Muskizen. De la Fuentek azaldu du harriak azkenaldian izandako denboraleen ondorioz agertu direla hor, baina Lazkanok BERRIAri adierazi dio itsasoak Zierbenako portuko moilatik mugitutakoak direla. «Falta den hondarraren lekua betetzen ari dira harriak. Ez dira horiek kentzera ausartzen, zuloa begi bistan geldituko litzatekeelako».
Portuko Agintaritzak dragatutako hondar kopuruaren berri eman duenean ere gezurretan aritzea egotzi dio Lazkanok. Haren datuen arabera, itsasontzietan 18.000 metro kubo hondar sartzen da, eta gutxienez lau bidaia egin zituzten egunero bi hilabetez. «Biderketa eginez gero, gutxigorabehera 3,6 milioi metro kuboko kopurua ematen du, esan dutena baino gehiago». Lazkanoren ustez, Azti-Tecnaliak hondar gutxiago ateratzeko gomendatu badie «uste zuen beste hondar ez dagoelako izan da».
Portuko Agintaritzari egotzi dio ingurumen eraginari buruzko txostena ez betetzea, eta Bizkaiko Batzar Nagusiei «barre» egitea. «Batzarrei eskatu genien itxurakeria egin beharrean zerbait gehiago egiteko. Harea gehiago ez ateratzeko eskatu zuten, baina Portuko Agintaritzak berdin jarraitu du». Gainera, Lazkanok dio Batzar Nagusiek Portuko Agintaritzari eskatu ziotela ateratako harea alferrik ez galtzeko, prozesua lehengora daitekeelakoan. «Zer egin dute? Sufre eta ikatz mendiak bota dituzte hondar horren gainean». Lazkanok salatu du portu agintaritzek «zernahi egiteko baimena» dutela.
Muskizko dragatze lanek ez dutela kalterik eragiten dio Bilboko Portuak
Lanen aurkako plataformak «gezurretan» aritzea egotzi dio, eta kaltea nabarmentzat jo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu