azpiegiturak

Muskizko koke planta "Euskadiko inbertsiorik handiena" dela nabarmendu dute inaugurazioan

Petronorren Fuelolioaren Erredukziorako Unitatea —koke planta— inauguratu dute. Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak, PPk eta PSEk azalpenak eskatu dizkiote Iñigo Urkullu lehendakariari eta Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaori, ez baitira inauguraziora joan. Jose Luis Bilbao, BERRIA.INFOk jakin duenez, erosketak egiten zebilen gaur goizean Bartzelonako auzo gotikoan. Iñaki Azkuna Bilboko alkatea bai, agertu da, printzea agurtzera. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du etorkizuneko estrategia ekonomikoaren "oinarria" erakusten duela Petronorrek.

2013ko apirilaren 3a
19:08
Entzun

Petronorren koke planta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aspaldian egin den "inbertsiorik handiena" dela nabarmendu dute enpresako arduradunek; 853 milioi euro erabili dituzte koke planta egiteko. Halaber, zuzenean eta zeharka 500 lanpostu sortuko dituela gaineratu dute. Gaur eguerdian inauguratu dute.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea ekitaldian izan da, eta nabarmendu du Jaurlaritza "etorkizuneko estrategia ekonomikoa" garatzen ari dela, hori duela erronka nagusietako bat.

Erantsi du Petronorren koke plantaren inaugurazioa momentu egokia zela hori gogora ekartzeko, etorkizuneko estrategia ekonomiko horren "oinarriaren" erakusle delako koke planta.

Erkorekaren hitzetan, "industria, inbertsioa, berrikuntza eta nazioarteratzea" izango dira estrategia horren ardatza, eta horiek guztiak biltzen ditu Petronorren planta berriak.

Petronorren lantegiak petrolioa fintzen zuen, fuela sortzeko. Prozesu horretan sortzen diren soberakinak eta hondakinak berriro prozesatuko ditu planta berriak, eta koke petrolioa sortuko du. Koke petrolio hori, batik bat, zementu fabriketan erabiliko dute, erregai gisa.

Aurrerantzean "lehiakortasun handiagoko produktuak" egiteko gaitasuna izango dutela nabarmendu dute enpresaren arduradunek.

Udalen lizentziak baliogabetuta

Koke planta eraikitzeko, zortzi urteko lanak behar izan dira, eta gorabehera handiak izan dira prozesu horretan. Azken gorabehera Administrazioarekiko Auzien Bilboko 4. Epaitegitik iritsi zen: Muskizko Udalak koke plantari emandako obra eta jarduera lizentziak baliogabetu zituen auzitegiak. Lehendik, Abantoko Udalak emandako lizentziak ere baliogabetu zituen.

Koke plantak eta kogenerazio unitateak Eusko Jaurlaritzaren ingurumen baimen integratua eskuratu zuten 2008ko maiatzean. Baina Jaurlaritzak baldintza batzuk ezarri zizkion proiektuari. Petronorrek ez zituen garaiz aurkeztu Jaurlaritzak eskatutako betekizun horiek, auzitegiaren esanetan, eta beraz Muskizko eta Abantoko udalek ez zizkioten lizentziak arauz eman.

Talde ekologistek salatu izan dute, bestalde, Kosten Legea ere ez dutela errespetatu koke planta eraikitzeko lanek.

Presentziak eta ausentziak

Ekitaldirako Felipe Borboikoa gonbidatu dute, eta haren inguruan sortu dira eztabaidak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia ez dira inaugurazioan izan. Kritikak jaso dituzte horregatik. 

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak jokabidea "zuzentzeko" eskatu zion atzo Urkulluri, eta PSE-EEk azalpenak emateko eskatu dio Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak ere gaitzetsi egin du Urkulluren eta Bilbaoren jokabidea.

Urkulluk eta Bilbaok ez, baina EAJko eta Jaurlaritzako ordezkari zenbaitek erantzun diete kritikei. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak ziurtatu du lehendakaria ezagutzen duenak badakiela Urkulluk ez diola mespretxurik egin nahi Espainiako printzeari. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ere ukatu egin zuen printzea ekitaldira joateagatik ez dela Urkullu han izan gaur.

Iñaki Azkuna Bilboko alkatea bai, ordea, agertu da inaugurazio ekitaldira. Espainiako printzea agurtu du.

"Inposaketa katea"

EH Bildu koalizioak, berriz, gaitzetsi du Petronorren planta berriaren inaugurazioa. Koke planta "inposaketa kate" baten azken katebegia dela salatu du. Koke plantak 2008ko azaroan ingurumen baimena eskuratu zuenetik, proiektua "inposaketetan" oinarritu dela, eta herritarren eta talde ekologisten iritziak ez direla aintzat hartu salatu du koalizioak.

Gogora ekarri du auzitegiek bertan behera utzi zituztela koke plantaren obra lizentziak. "Horrek esan nahi du eraikuntza hau eraiki ere ez zela egin behar". Espainiako printzea inaugurazio ekitaldira gonbidatzea, berriz, inposaketa horien "azken kapitulua" dela nabarmendu du EH Bilduk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.