Euskal Herrian, Hegoaldean eta Iparraldean dugu bisoia. Iparraldean, behera egin du nabarmen, eta etengabe, bisoi europarren kopuruak azken urteotan. Hegoaldean, halaber, kinka larrian bizi da mustelido txikia, baina Nafarroako Gobernuak aurten abian jarritako ikerketak erakutsi du herrialde horretan bizi dela munduko bisoi europarraren populaziorik handiena, Funes, Azkoien eta Faltzes inguruan, hain zuzen ere.Urte hasieran ekin zion Nafarroako Gobernuak bere ikerketari, eta urte amaiera bitarte aurrera jarraituko du lan horrekin. Orain arte lortutako datuak, hala ere, ezagutarazi ditu jada Nafarroako Gobernuak, eta argi eta garbi erran du Nafarroakoa dela bisoi europarraren gune nagusia. Funes, Azkoien eta Faltzes artean dago populaziorik handiena, Arga eta Arlas ibaien artean. Nekazariek hor baliatzen duten ubide sarean bizi dira. Argan ez daude, ibaiaren ertzetan ubideak egin dituztelako.Hor daude, habitat egokia aurkitu dutelako bisoi europarrek: ur-emari txikiak, ibai ertzetan sakontasun txikia dutenak, eta inguruan sasi eta sastraka ugari dituztenak. «Espazio zoragarria da bisoiarentzat», azpimarratu du Nafarroako Gobernuak. Gune horretan, gainera, bisoi emeek eta arrek aurkitu dute nahi dutena. Bisoiaren bizirik irauteko arazo nagusietako bat da askoz ere eme gutxiago dagoela, euren kumeak hazteko eremu oso bereziak behar dituztelako. Nafarroako eremu horretan, ondorioz, emeen eta arren arteko oreka da nagusi, eta horrek erakusten du horko populazioa «osasuntsua» dela, eta «etorkizuna» baduela.Baina bisoi europarrari buruz,ez dago baikor egoteko arrazoirik. Europa osoan bizi zen XX. mendean, eta, egun, bi gune bereizitutan. Hamaika areriori egin behar dio aurre, gainera.
Kinka larrian mehatxuen aurrean
Aranzadi Zientzia Elkarteko hainbat kidek osatu taldeak bost urte daramatza bisoi europarrari buruzko ikerketak egiten Euskal Herriko ibaietan. Talde horretako kide da Jorge Gonzalez. Nafarroako Gobernuak plazaratutako datuak zuhurtasunez hartzen ditu, eta duela bi urte Espainian Errioxako Gobernuak antzekoak eman zituela gogoratu du. «Desagertzeko zorian dagoen espezie baten ohiko dinamika du bisoiak. Agertu eta desagertu egiten da. Edonon egon daiteke, eta inon ez, aldi berean».
Mendebaldeko gunean egon daitezkeen bisoi europarren kopuruari buruz, datuak ezberdinak dira batzuen eta besteen ahotan: 1.000, 500,... «Zifrak aldatuz doaz ematen dituenaren baikortasunaren edo ezkortasunaren arabera; edozein modutan, gutxi dira, ehunka. Eta argi izan behar dugu gero eta gutxiago gelditzen zaizkigula. Bisoi europarra galtzen ari garela».Gonzalezek ontzat jo du bisoi europarraren arerioak zehaztu izana, baina nabarmendu du ez dela erraza haien kontra egitea. Arerio nagusiak bi dira: animaliaren habitataren itxuraldatzea, batetik; eta bisoi amerikarraren zabaltzea, bestetik.Habitataren kalitatea funtsezkoa da bisoi europarraren etorkizunerako. «Baina, tamalez, administrazioak dituen interesek eta bisoiaren interesek elkar jotzen dute. Ibaietan egindako lanek desegin dute bisoi europarraren espazioa», azpimarratu du Aranzadiko kideak.Bisoi amerikarraren zabaltzearen atzean, halaber, gizakia dago. «1920. urtean jarri zuten Frantzian bisoi amerikarra hazteko lehen etxaldea, haien ilearekin berokiak egiteko. Etxaldeetatik ihes egin, eta azkar zabaldu zen bisoi amerikarra Europa osora. Egun, Gipuzkoan bi etxalde ditugu, eta bat Nafarroan. Ihes egiteaz gain, Animaliak Askatzeko Fronteak askatzen ditu amerikarrak, europarrari egiten dioten kalteaz ohartu gabe. Amerikarra desagerrarazi behar dugu, europarrak aukera bat izan dezan».
-
EUROPA, ADI
Bisoi europarra itxian hazteko ekimena
Bisoi europarraren egoera larriaren erakusgarri, ugaztun horren aldeko proiektua jarri du abian Europako Kontseiluak. Kataluniako Generalitata da ekimen horren koordinatzailea. Erakunde horrek hartu du bere gain bisoi europarra duten herrialdeen egitasmoak bateratzeko eta koordinatzeko ardura. Proiektu hori gauzatu ahal izateko 100.000 euroko partida onartu du Europako Kontseiluak Life funtsetatik, 2004 eta 2005. urteetarako.
Proiektuak ez du baztertzen bisoia itxian haztea. Katalunian, Lleidan, bada hori egin ahal izateko zentroa. Ez da toki bakarra Europan, Frantziako Gobernua ere ari baita bisoia itxian hazteko aukera aztertzen. Frantzian, nabarmen egin du behera bisoiak azken urteotan, eta egoera oso larria da.Animalia basati bat itxian haztea ez da, inondik inora, lan erraza. Bisoi europarraren antzera desagertzeko zorian dauden espezieentzat, ordea, azken aukera izan daiteke. «Itxian hazteko aukera aztertzen hasteak erran nahi du egoera oso larria dela; kritikoa», azpimarratu du Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Jorge Gonzalezek. Europako ugaztunen artean katamotz iberiarraren egoera da bakarrik bisoiarena baino larriagoa. Katamotzak itxian hazteko ekimenak abian dira, dagoeneko, Doñanako Parke Nazionalean, Espainian.«Etorkizuna oso beltz ikusten duzunean sartzen duzu espezie bat kaiolan. Biltegi genetiko bat lortzeko modua da hori. Animaliak hazi egin daitezke itxian. Baina itxian hazitako animalia horiek euren espeziearen berezko portaera agertzea ez da erraza. Hori lortzea oso zaila da, eta, hori gabe, ez dugu deus», dio Gonzalezek.