Bestetako lehen gauean gertaturikoak dira hiru erasoak. Samuel Vuelta Simon prokuradoreak BERRIAri baieztatu dionez, 18 urteko mutil batek salatu du asteazken gauean bortxatu egin zutela, Baiona Ttipian. Bertze gizon batek egin zion erasoa: mehatxu eginez, felazio bat egitera behartu zuen. Mutilak segidan salatu zuen gertaturikoa, eta ikerketa bat abian da erasotzailea topatzeko.
Bertze bi erasoak ere ikertzen ari dira. Asteazken gauean gertatu ziren horiek ere. Errobi ibaian aurkitu zuten emakume batena da lehenengoa. BERRIAk jakin duenez, errobi bazterrean zegoela, gizon talde bat hurbildu zitzaion, eta, erasoa izateko beldurragatik, ibaira egin zuen jauzi. Bertze emakumea lurrean aurkitu zuten, kalean. Galtza eta kamiseta urratuak zituen, markak besoetan, eta esperma zeukan gorputz gainean. Bi kasu horietan ere zehazki zer gertatu zen ikertzen ari dira. Emakumeek ez dute salaketarik jarri, oraingoz.
Elkarretaratzea, gaur
PAF mugimendu feministak, Baionako Gazte Asanbladak eta Aitzina gazte antolakundeak elkarretaratzera deitu dute gaur arratsalderako. 17:30ean egin dute protesta, Xaho Pelletier kaiko Laborarien Xokoan. Kamiseta beltza ere jantzi dute, protesta modura.
Kazetari bati ere bai
EITBk ohar baten bidez salatu duenez, Baionako ordezkaritzako kazetari bati ere eraso egin zioten asteazken arratsean, besten hastapeneko ekitaldiaren berri ematen ari zela. Taldeak "babes osoa" erakutsi dio kazetariari, eta bertze erasoak ere salatu dituzte: "EITBk publikoki gaitzetsi nahi ditu festa giroko jokabide sexista guztiak, larrienetik txikienera". Haien hitzetan, besta ezin da izan "gizakiaren duintasunaren kontrako" jokabideak onartzeko "aitzakia".