Nafarroako Gobernuak gaur goizean jakinarazi duenez, atzo Mutiloabeitiko Kuluxka haurtzaindegian karbono monoxidoa arnastu zuten 34 lagunak etxean dira jada senda agiria jasota. 34 lagun horietatik 27 6 eta 36 hilabete arteko haurrak ziren, eta, gainerako zazpiak haurtzaindegiko langileak.
Lehen ikerketen arabera, berogailuaren galdarak isuri zuen karbono monoxidoa. Zorionez, garaiz ohartu ziren, zaintzaileetako bat ondoezik sentitu zelako eta haurretako zenbait lokartuta eta goitika egiten sumatu zituztelako. Beste zaintzaileen arreta piztu zuen horrek eta larrialdi zerbitzuei dei egin zieten. Ondorioz, intoxikazioa oraindik arina zenean artatu zituzten larrialdi zerbitzuetako kideek.
27 haurrak Bideko Amaren erietxeko pediatria zerbitzuan artatu zituzten, eta helduak, berriz, bost Nafarroako Ospitalean, bat Bideko Amaren erietxean eta beste bat Klinika Unibertsitarioan. Bideko Amako pediatriako arduradunek azpimarratu dute isuriaz garaiz ohartu ez balira "tragedia" gerta zitekeela.
gizartea
Mutiloabeitiko haurtzaindegian intoxikatutako guztiak etxean dira senda-agiria jasota
Karbono monoxidoa arnastu zuten atzo 6 eta 36 hilabete arteko 27 umek eta 7 helduk. Lehen ikerketen arabera, galdara batek izan zuen ihesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu