MUTRIKUKO BABES DIKEA. Helburuetan bat egiten duten arren, prozeduretan ez dira ados jartzen

Kaia babesteko hainbat alternatiba aurkeztu dituzte Jaurlaritzak eta herriko plafaformek

2006ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Mutrikuar gehienek babes dikea eraikitzea eta portua berritzea nahi dute, bai eta kalitatezko turismoa erakartzea ere. Baina hori nola lortu? Jaurlaritzaren proiektuaz gain, bi alternatiba aurkeztu dituzte mutrikuarrek.

EUSKO JAURLARITZA
434 metroko babes dikea eta 405 metroko sarbidea Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen babes dikeak 435 metroko luzera, eta 13-16 metro bitarteko altuera izango du. Bertara iritsi ahal izateko 405 metroko sarbide bat eraikiko dute. Sarbidearen ezker aldean hondartza eta igerileku berriak egingo dituzte; eskuin aldean, berriz, babesturiko eremua geratuko da. Mutrikuko Udalak eta Mutriku Bizirik herri plataformak bat egiten dute Eusko Jaurlaritzaren proiektu horrekin.

HOBETU LEIKE
300 metroko babes dikea, Burumenditik abiatutaHobetu Leike herri plataformak ere babes dike bat egiteko apustua egiten du, baina Eusko Jaurlaritzak proposatzen duena baino txikiagoa. Taldearen iritziz, nahikoa litzateke 300 metroko babes dike bat egitea, gaur egungo portuaren sarrera itsaso zakarretik babesteko. Babes dike hori Burumendi itsaslabarretik abiatuko litzateke, eta portuko sarrerara iritsi baino lehen leherraraziko lituzke.

SANTAKARRA BIZIRIK
Irla artifiziala, Burumendi itsaslabarraren parean Santakarra Bizirik herri plataformaren iritziz, ez da dikerik eraiki beharrik portua babesteko. Taldearen ustez, mendebaldeko olatuak eteteko nahikoa da Burumendi itsaslabarraren inguruan uharte artifizial bat eraikitzea. Uharteak Eusko Jaurlaritzaren proiektuak baino kalte gutxiago eragingo lukeela diote, eta ez lukeela ingurumenean eragin handiegirik izango. Horrela, herriaren edertasuna eta arrantzale nortasuna mantendu eta areagotu egingo litzatekeela uste dute.

MUTRIKUKO PORTUAREN PLAN BEREZIA
Mutrikuko azpiegitura indartzeko proiektuaProiektua denen ahotan dabilen arren, oraindik ez da egingo den ala ez erabaki. Mutrikuko Portuaren Plan Bereziak Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen babes dikea hartuko luke oinarritzat, eta horren ondoren eraikiko lukete gainerakoa.Babes diketik gaur egungo porturantz beste dike txiki bat eraikiko lukete, eta horrela gauzatuko lukete arrantza-ontzien portu berria. Gaur egungo portua kirol kai bihurtuko lukete, eta bi portuen artean zerbitzu gune bat eraikiko. Gune horretatik kudeatuko lituzkete bi kaiak, eta zenbait zerbitzu eskainiko lituzkete. Aparkaleku bat egingo lukete zerbitzu gunearen azpian. Mutrikuko Udala eta Mutriku Bizirik herri plataforma bat datoz Plan Bereziarekin. Hobetu Leike eta Santakarra Bizirik herri plataformek, aldiz, ez dute proiektua gauzatzerik nahi.

Dikearen legezkotasuna eztabaidagai



Aldekoek lanak hasteko baldintza legal guztiak bete dituztela diote; kontrakoek, aldiz, lanak epez kanpo hasi zirela

b.e. - MUTRIKU

Dagoeneko hasi dira Mutrikuko (Gipuzkoa) babes dikea egiteko lanak, eta 120 metro inguru eraiki dituzte, Eusko Jaurlaritzaren arabera. Baina lan horiek legezkoak ote dira?

Moila egiteko behar den eremua itsasbazterrean dagoenez, Madrilgo Gobernuari (Espainia) dagokio lur sail hori kudeatzea. Eremu hori erabili ahal izateko baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Espainiako Ingurumen Sailari, eta honek 2004ko urriaren 20an onartu zuen eskaera. Baina bi baldintza jarri zituen: 2005eko urriaren 20rako dikea egiteko zuinketa akta sinaturik, eta eraikitze lanak hasita behar zuten. Egun horretarako bi baldintzetako bat beteko ez balitz, baimena bertan behera geratuko litzateke.

2005eko urriaren 20a

Mutrikuko Udalaren eta Mutriku Bizirik-en ustez, baldintza legal guztiak bete dituzte, eta legezkoak dira babes dikea eraikitzeko lanak. Mutriku Bizirik-eko partaide Jose Agustin Elezgarairen esanetan, 2005eko urriaren 18an sinatu zuten zuinketa akta, eta 19an, lanak hasteko etxolak portuan jartzen hasi ziren. «Lanak zuinketa aktak sinatzean hasten dira, eta beraz, obra legezkoa da».

Hobetu Leike herri plataformako kideen ustez, ordea, lan horiek legez kanpokoak dira. Beren iritziz, ez zuten Espainiako Ingurumen Sailak eskatzen zituen bi baldintzak bete. «Egia da aktak epearen barruan sinatu zituztela, baina ez ziren urriaren 20rako lanean hasi». Beren ustez, bi baldintzetatik bakar bat bete zuten epe barruan. Hobetu Leikeko partaide Xabier Urangaren arabera, gainera, hori frogatu egin daiteke. «2005eko urriaren 20an eta 21ean lanen aztarnarik ez zegoela nabarmendu zuen notario batek. Eta hori ez dugu guk esaten, hori notario batek esaten du». Lan horiek legez kanpokoak direla uste dutenez, Madrilgo Auzitegi Nazionalean (Espainia) kexa bat aurkeztu zuen Hobetu Leikek. Epaileek erabakia hartu arte lanek jarraitu egingo dute, eta nahiko etsita daudela onartu dute mutrikuarrek. «Hitz egin behar duten epaileek oraindik ez dute hitzik egin, eta lanak aurrera doaz. Benetan gaia aztertu nahiko balute, egingo lukete baina...». Dena dela, beste neurriren bat hartzea ere aztertzen ari dira, «zirt edo zart» egiteko.

Aho batez proiektuaren alde



Mutrikuko Udaleko alderdi politiko guztiak ofizialki proiektuaren alde azaldu dira. Bai alkatetzatan Euskal Herritarrok zegoela, bai eta EAJ dagoela ere.

2.008. urterako bukatuta



Sarbidea eta dikea 2.008. urte hasierarako eraikiko dituztela aurreikusi dute teknikariek. Gaur arte 120 metro eraiki dituzte, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Babes dikea, aspaldiko eskaera



Txurruka zientzialariak Mutrikuko kaia babesteko dike bat eraikitzeko beharra ikusi zuen XIX. mendean. Baina diru faltagatik ez zen bere asmoa gauzatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.