N-1en alternatiba hazten ari da

Urnietako saihesbidearen lehen harria jarri dute; herriko zenbait taldek proiektu alternatiboa dute

JAKES GOIKOETXEA URNIETA
2006ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Florentino Ugalde Urnietako alkateak (Gipuzkoa) Urnietako saihesbidearen lehen harria jarri zuten atzo, Andoain (Gipuzkoa) eta Urnieta arteko saihesbidea egiteko ikerketak hasi eta hemeretzi urtera. Setien sagardotegiaren parean jarri zuten, egunero Urnieta GI-131 errepidetik zeharkatzen duten 17.000 ibilgailuetatik urrun, baserri, mendi, baratze eta ganadu artean.

Hogei hilabete barru, ordea, bertatik pasako da gaur egun Hernanira edo Andoainera bidean Urnieta zeharkatzen duen zirkulazioa. Eta ibilgailu gehiago: Urnietako saihesbidea Andoain eta Donostia lotuko dituen Urumeako autobiaren zatia da eta Urumeako autobia Donostiako bigarren saihesbidearekin lotuta egongo da.

Josu Agirrezabalaga Gipuzkoako Errepideetako zuzendari nagusiak esan zuen: «Urumeako autobia, N-1en alternatiba baino gehiago, ardatz berria izango da».

Agirrezabalagaren esanetan, Urnietako saihesbideak bi arazo konpondu nahi ditu: alde batetik, Urnieta zeharkatzen duen zirkulazioak bertako herritarrei eragiten dizkietenak; bestetik, istripuen ondorioz N-1a Andoain eta Lasarte-Oria artean moztuta geratzen deneansortutakoak.

Urnietako saihesbideak 3,2 kilometro izango ditu eta obren aurrekontua 32,4 milioi eurokoa izango da. Amenabar enpresak 20 hilabete izango ditu obra egiteko. Saihesbideak bi lotune, gaineko pasabide bat, tunel artifizial bat eta azpiko hiru pasabide izango ditu. Bi bide egingo dituzte norabide bakoitzerako, baina tuneletan eta pasabideetan hiru bide izateko prestatuko dute.

«Lur mugimendu handiak egingo dira», esan zuen Javier Astrain Diputazioko Eraikuntza Proiektuen zerbitzu buruak. 1.550.000 metro kubo lur hondeatuko dira, 1.100.000 metro kubo lur erabiliko dira betelanerako eta 500.000 metro kubo hondakinentzako zabortegi bat egingo dute Bordatxulo eta Urkenberri baserrien artean. Ezponda garaiak izango ditu: 30 metrokoak altuenak.

«Gogoeta egiteko garaia da, A-8ak eta N-1ek alternatibak behar dituzte», esan zuen Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatuak atzoko ekitaldian. «Eta herritarrei alternatiba errealak eskaintzen ari gara, ez kezko alternatibak».

PROPOSAMEN ALTERNATIBOA. Saihesbide alternatiboa eskatu eta eskaini zuten atzo Urnietako zenbait taldetako ordezkariek, lehen harria jartzeko egin zen ekitalditik gertu.Talde horiek Irungo (Gipuzkoa) Endara kabinetearekin egin dute proiektua, AP-1 autobideko zenbait tunel egin dituen enpresarekin.

Taldeak duela bi urte hasi ziren Urnietako saihesbideari buruzko informazioa biltzen. Mikel Izagirre taldeetako kidearen esanetan, «duela bi urte, proiektua erakusgai jarri zutenean, jakin nuen gure baserria [Urkenberri] tapatu egin behar zutela».

Urnietako Berrasoeta basoa da talde horien kezka nagusienetako bat: «Urnietako saihesbidea Berrasoetako basoaren erditik pasako da», salatu du Izagirrek. «Donostia inguruko harizti bakarra da eta 200 urtetik gorako haritzak daude bertan». Aranzadi Zientzi Elkarteak eta Haritzalde Naturazaleen Elkarteak Berrasoetako basoaren aberastasuna nabarmendu dute.

Urnietako taldeek basoa babesteko baso azpitik joango litzatekeen tunela aurreikusi dute beren proiektuan. Tunel hori egiteko beharko litzatekeen dirua neurtu dute: hiru edo lau milioi euro.

Tunelaz gain, Urnietako lotunea lekuz aldatzea, tunel artifizial bat gehiago egitea eta Diputazioak aurreikusitakoa luzatzea proposatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.