PSOEk PSNri Nafarroako Gobernua NaBai eta NEBrekin osatzea galarazteko izan dituen arrazoiak azaldu dizkie Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak Nafarroako sozialisten eskualde batzordeko kideei. Debeku horrek haserre handia sortu du PSNko kide askorengan, eta giroa baretzera joan da Blanco Iruñera.
Arrazoi nagusi bat eman die koalizio horren aldeko apostua eteteko: osatuko litzatekeen balizko gobernua oso ahula litzatekeela iritzi dio; zehazki, NaBairekin eta NEBrekin "dudazko gobernua, hauskorra eta, akaso, laburra" osatuko luketela adierazi du Blancok.
Ahultasun horren arrazoietako bat NaBai koalizioaren izaera bera litzateke Blancoren iduriko: "Oso jatorri desberdineko indar abertzaleen nahasketa bat da, boto abertzaleari erabilgarritasuna eta gobernua iristeko aukera emateko sortua". Hala ere, etorkizunean NaBairekin gobernatzea ez dutela baztertzen zehaztu du, baina aurretik "gaur egun ez duen sendotasun eta egonkortasuna" lortu behar duela NaBaik. Halaber, NaBairekin eta NEBrekin koalizioa eginez gero, gobernu hori "euskal politikaren gorabeheren menpe" jarriko luketela iritzi dio.
Ildo horretatik, gobernu ahul bat osatzea baino egonkortasuna bermatzea eta abstentzioaren bidez UPNri agintea ematea nahiago izango dutela adierazi du. Ukatu egin du Espainiako hauteskundeetan emaitza hobeak lortzearren hartu dutela erabaki hori. Lasaitasun politikorako deia egin die PSNko kideei.
Eskualde batzordearen bilera atea itxita ari dira egiten. Nolanahi ere, pentsatzekoa da eztabaida beroa izango dela. Azken egunetan PSOEko zein PSNko zuzendaritzaren kontrako kritika gogorrak egin dituzte sektore kritikoek. PSNren zuzendaritzaren dimisioa eskatuko dutela iragarri dute.
Politika
NaBai eta NEBrekin osatutako gobernua "dudazkoa, hauskorra eta laburra" izango litzatekeela argudiatu du Blancok
Nafarroako Gobernuaren osaketan PSOEk izandako jarrerari buruzko azalpenak eman dizkio Antolakuntza idazkariak PSNko eskualde batzordeari. Bilera horretan PSNko zuzendaritzaren dimisioa eskatuko dutela iragarri dute kritikoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu