Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerrako udal taldeek Iruñeko euskararen ordenantzaren aldaketa aurkeztu dute gaur, prentsaurreko batean, euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izateko helburuarekin, udalbatzak bere garaian onartu zuen bezala. PSNk azaldu du babesa emango duela; lauren artean gehiengoa dute.
NaBai, Bildu eta Ezkerrak iazko urrian euskarari hizkuntz paisaian ematen zaion tratua baztertzailea ez izateko mozio bat aurkeztu zuten, eta aurrera atera zen, aldeko hamalau botorekin —PSNk babestu egin zuen— eta udal gobernuko kontrako hamahirurekin —UPN, PP—. Baina Udala ez da ari betetzen agindua. "Kasu askotan, euskarazko errotuluak gaztelaniazkoak baino hautemangaitzagoak dira, letra txikiagoan eginak direlako eta kolore kontraste gutxiago dagoelako errotuluen eta atzealdearen artean. Batzuetan, euskarazko bertsioa laburragoa da edo, areago, desagertuta dago", diote NaBai, Bildu eta Ezkerrak.
Udalak aitortu izan die "gaia ahaztuta" izan duela. "Mozioa onetsi zenetik hona ez du inolako borondaterik erakutsi osoko bilkurak erabaki zuena betetzeko. Entzierroaren monumentuko plaka eta Berdintasun plazaren kasuetan ikusi berri dugun bezala, udal gobernuak euskara baztertzen segitzen du".
Ondorioz, Iruñeko Udalaren esparruan euskararen erabilpena arautzen duen ordenantzan aldaketa egiteko eskatu dute. Testua: "Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntz paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira, bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntz paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan”.