Atzo bezala dago egoera Nafarroan Gobernuaren eraketari begira: oraindik ez dute akordioa itxi Nafarroa Baik, PSNk eta NEBek, eta atzo iluntzean PSNk gaur Fernando Puras sozialista lehendakari izateko hautagai aurkeztuko zuela esan bazuen ere, ez du aurkeztu, beste biek aurrez ziurtatu dutelako ez zutela babestuko.
Elena Torres Nafarroako Parlamentuaren presidenteak gaur arratsaldean egin du bigarren bilera saila alderdiekin, lehendakari izateko hautagairik bazen ikusteko, eta oraingoan ere ez da inor aurkeztu.
Goizean Nafarroa Baik, PSNk eta NEBek bilera egin dute berriro eta, eduki aldetik alde batzuk badituzten arren (euskara...), Gobernuaren osaera bera izan da desadostasunaren arrazoia. Izan ere, PSNren proposamena, lehendakari Puras izateaz gain, Gobernuan hark izendatutako sei kontseilari independente egotea da, PSNren bi, NaBairen bi eta NEBen bat.
Purasen ustez, "bizikidetzarako gobernu aurrerakoiak ez ditu soilik alderdi politikoak ordezkatu behar, herritarrak ere ordezkatu behar ditu". Akordioa lortzeko, jarrera "malgua" izateko eskatu dio NaBairi.
Patxi Zabaleta NaBairen lehendakarigaiak esan du bere koalizioak "mahai gainean eta idatzita" utzi dituela akordiorako baldintzak, eta kargu banaketak maiatzeko hauteskundeetako emaitza islatu beharko lukeela. Hiruren artean, NaBaik 12 eserleku lortu zituen, PSNk ere 12 eta NEBek 2. "Ahaleginik handiena" egin dutela adierazi du Zabaletak, "eskuzabaltasunik handiena" erakutsi dutela eta, horretaz gain, Uxue Barkos (NaBai) Iruñeko alkate eta Koldo Amezketa (NaBai) Parlamentuaren presidente ez izatearen "eragozpenak" gainditu dituztela. "PSNk akordioa nahi badu, badaki zer egin behar duen".
Ion Erro NEBen koordinatzaile nagusiak PSNri proposamena aldatzeko eskatu dio, "akordioa lortzea nahi badu". Errok dio "sarferminetan ere NEBen telefono mugikorra piztuta" egongo dela, "gobernu aurrekoia lortzeko eta Nafarroan aldaketa emateko, baina ez lehentasun handiko sailen ardura postuetan profesional batzuk jartzeko".
Zabaletak jakinarazi du PSNk, NaBaik eta NEBek ez dutela sanferminek irauten duten bitartean bilerarik egingo.
Nafarroa
NaBaik eta NEBek ez dute Puras babestuko, Gobernuaren osaerarako ez dutelako akordiorik lortu
PSNren proposamena Puras izatea da lehendakari, eta Gobernuan hark izendatutako sei kontseilari independente egotea, PSNren bi, NaBairen bi eta NEBen bat. Torres Parlamentuaren presidenteak arratsaldean egin du alderdiekin bileren bigarren saila, baina oraingoan ere ez da lehendakari izateko hautagairik aurkeztu; Purasek erretiratu egin du atzoko asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu