PSNk eta UPNk Floren Luqui Barañaingo (Nafarroa) NaBaiko alkatearen aurkako zentsura mozioa erregistratu zuten duela egin batzuk, gaur eguerdian aztertu dute udalbatzarrean eta, espero bezala, Jose Antonio Mendibe UPNko ordezkariak hartu du Luquiren tokia. Izan ere, Udaleko 21 zinegotzietatik UPNk hamar ditu, eta PSNk beste lau, eta, horrenbestez, zentsura mozioa aurrera ateratzeko beharrezkoa zen gehiengo absolutua lortu dute.
Mendibek adierazi du orain arteko gobernuaren lana ona ez zela-eta "egoera jasanezina" zela. Angel Arrondo PSNko bozeramailearen ustez, gaurko akordioari esker "zentzuzko politika" egin ahal izango da, "bideragarria". Miguel Aizkorbe NEBeko zinegotziari PSNk "iparra" galdu duela iruditzen zaio, eta Manuel Burgete NaBaikoak esan du "ezinezkoa" izan dela PSNrekin akordiora heldu.
Iazko ekainean PSNk Luqui babestu zuen, eta honek alkatetza lortu zuen. Orain, alderdi sozialistak iaz Nafarroa Bairekin eta Nafarroako Ezker Batuarekin sei udaletan UPNri alkatetzak kendu eta "gobernu aurrerakoiak" lortzeko hitzarmena hautsi egin du. Akordio hari esker, alkatetza lortu zuen Nafarroa Baik Barañainen ez ezik, Altsasun, Zizur Nagusian eta Atarrabian; PSNk, berriz, Erriberrin eta Burlatan. Akordio hori bertan behera geratu denez, ikusteko dago orain zein ondorio izango dituen gainontzeko udaletan. Zizur Nagusian, adibidez, ika-mikak egon izan dira sozialisten eta Nafarroa Baiko hautetsien artean.
Luqui alkateak, dena den, ez du uste zentsura mozioa aurkezteko erabakiak inolako zerikusirik duenik Barañainen Nafarroa Baik egin duen gestioarekin, edo udal horretako zinegotzien jarrerarekin.
Barañain da, Iruñea eta Tuteraren ostean, Nafarroako udalerririk handiena.
Politika
NaBaiko alkatea kargutik kendu dute PSNk eta UPNk Barañainen
Zentsura mozioaren bidez, Jose Antonio Mendibe UPNko ordezkariak hartu du Floren Luquiren tokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu