Aralarrek eta EAJk elkarren artean Nafarroa Bai koalizioari buruz egindako akordioan diote hemendik aurrera NaBain erabakiak hartzeko %80ko aldeko botoa beharko dela gutxienez. Oraingoz, Aralar, EA eta EAJ daude koalizioan. Ondorioz, "hiru alderdien aldeko botoa beharko da erabakiak hartzeko", gaur Aralarrek eta EAJk jakinarazi dutenez. Hiruren artean jeltzaleek daukate indar txikiena Nafarroan, alde handiz.
Batzarre koaliziotik kanpo ikusten dutela adierazi dute Aralarrek eta EAJk Iruñean emandako prentsaurrekoan -2007ko bozetan partaide izan zen-. Batzarrek berak larunbatean esan zuen NaBairen 2007ko oinarrietara itzultzeko eskatu diela beste eragileei. Bestetik, EAJk gaur garbi utzi du ez dutela espero ezker abertzalea barruan sartzea.
Gainera, Aralar-EAJ akordioaren arabera, NaBain sartu nahiko lukeen alderdiak ezingo lieke barruko eragileei betorik jarri, eta balizko kide berriak koalizioko oinarriak eta irizpide politikoak onartu beharko lituzke.
Lehengo astean filtratu zen hedabideetara Aralarrek eta EAJk akordioa lortu zutela, eta jeltzaleen oinarriek ostiralean eman zioten baiezkoa. Bi alderdiek gaur aurkeztu dute hitzarmena; Txentxo Jimenez Aralarreko Nafarroako koordinatzailea eta Jose Angel Agirrebengoa EAJko NBBko presidentea mintzatu dira. Hitzarmenaren arabera, Aralarrek 2011ko hauteskundeetako zerrendetan aurrealdean berari legozkiokeen postu batzuk EAJri utziko dizkio, eta bi alderdiek batzordea sortuko dute NaBairi jarraipena egiteko.
Aralarrek EArekin ere badu NaBairi buruzko hitzarmena -apirilaren 30ean sinatu zuten-, eta Maiorga Ramirez EAko Nafarroako buruak jakinarazi du Aralar-EAJ akordioko testuaren berririk ez duela. Jimenezek gaur esan du EAren oniritzia dutela.
Ezker abertzaleari ez zaio gustatu Aralarrek EAJrekin egindako hitzarmena, eta kritikatu egin du. Nafarroan ezker independentisten bat-egitea lortzeko bidean eragozpena dela uste du.
2007ko foru hauteskundeetara EA, Aralar, EAJ eta Batzarre elkarrekin aurkeztu ziren Nafarroa Bai koalizioaren baitan. Koalizioa bigarren indarra izan zen, hamabi parlamentarirekin -UPNk lortu zuen ordezkaritza zabalena, 21ekin-. Independenteek ere osatzen dute NaBai.
EAk ezker abertzalearekin ere badu akordioa sinatua, Nafarroaren "aldaketa" lortzeko, baina ez dituzte hauteskundeak aipatzen.
Ezker abertzaleak larunbatean zioen batasun estrategikoaren alde lan egiteko asmoa duela.
politika
NaBain erabakiak hartzeko %80ko gehiengoa beharko da
Gaur aurkeztu dute Aralarrek eta EAJk koalizioari buruz eurek egindako akordioa. Oraingoz, EAk eta hirurek osatzen dute NaBai; beraz, denen babesa beharko da erabakiak hartzeko. Koalizioan sartu nahiko lukeen alderdiak ezingo lieke barruko eragileei betorik jarri. Ezker abertzaleak kritikatu egin du hitzarmena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu