Euskara. Komunikabideak

'Nabarra'-k argitaratzeari utziko dio, hamar urteren buruan

Nafarroako taldeak aurrera ez egitea erabaki behar izan zuen iaz, eta Bilbokoak ezin izan dio defizitari buelta eman

urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Egoera ekonomikoak eta diru laguntzen kudeaketa sistemak itota, Nabarra kultur elkarteak ezin izan du Bizkaian jarraitu Nafarroan sortu zen Nabarra aldizkariarekin. Hartara, hamar urteren buruan, argitaratzeari utziko dio Nabarra euskarazko argitalpenak.

Aldizkaria, aurreneko bederatzi urteetan, Iruñean argitaratu zuten. Nafarroako Gobernuak 2009ko diru laguntza errotik moztu zion, ordea. «Guretzat hori heriotza zaztada izan zen», adierazi zuen Jon Orzaiz orduko zuzendariak. Iazko udaberrian, aldizkaria Iruñetik Bilbora pasatu zen. Eta Jon Orzaizek Irati Jimenezi eman zion lekukoa. «Nafarroan Nabarra egiten zuen jendeak erabaki zuen aurrera ez egitea argitalpenarekin, Nafarroako egoera surrealistak eraginda», azaldu du Jimenezek. «Bilbon erabaki genuen proiektuari bigarren aukera ematea, Bizkaian, froga gisa. Kontuan hartu behar da aldizkariak mila harpidedunetik gora zituela».

Harpidedunen kopuruan ez da aldaketarik izan urte eta erdi honetan, baina egoera ekonomikoari ezin izan diote buelta eman, Jimenezen hitzetan. «Publizitatearen merkatuak hondoa jo du, eta guk ez dugu asmatu nahikoa iragarle bilatzen». Baina arrazoi nagusia finantzen itolarria dela argitu du aldizkariko zuzendariak: «Egunotan jakin dugu Eusko Jaurlaritzak zenbat diru emango digun 2011. urteko defizita betetzeko, baina ez dakigu zer egunetan jasoko dugun dirua. Urtean zehar finantza ahalegin handia egin behar izan dugu, gastuak murriztuz. Baina, hein berean, gutxiago ematen zaigu.Egin dugun zorrarekin, ez gaude gastuak ordaintzeko moduan, eta, horrenbestez, egoera honetan ezinezkoa zaigu beste urtebetez jarraitzea».

Nabarra aldizkariak irakurle fidelak izan ditu hasieratik, etairakurle horiek umezurtz geldituko dira orain. «Euskaldunok masa kritiko txikia dugu. Eta guk gozatzeko moduko aldizkari bat egin nahi izan dugu. Baina herri erakundeek ez badute hori ulertu nahi, ez badute diru ,laguntza urte erdian ematen baizik eta amaieran, nekez egin dezakegu aurrera», azaldu du Jimenezek. Harpidedun eta irakurleen aldetik jaso duten aurreneko erreakzioa izan da «penagarria» dela proiektua desagertzea: «Penaz agurtuko ditugu irakurle guztiak».

'Nabarra' ez da bakarra

Nabarra aldizkariarena ez da kasu bakarraeuskarazko komunikazio esparruan, hainbat proiektu kinka larrian baitaude. «Nabarra zenbaki gorriekin hartu genuen, eta esaten genuen zaila izango zela buelta ematea. Gurea arriskuan zegoen. Baina arduratzeko modukoa da gurearen antzeko egoeran zenbat proiektu geldituko diren jakitea».

Nabarra sortu eta ehunka harpidedun lortzea ez zen kontu makala izan. «Askoz zailagoa lizateke Nabarra berri bat sortzea, aldizkaria mantentzea baino. Eta ezin izan dugu mantendu. Halako zerbait galtzen denean, urte askotako lana galtzen da. Eta egoera ekonomiko berri bat etorriko balitz ere, ez da erraza proiektua berriro sortzea».

Hamar urteotan kolaboratzaile sare zabala bildu du aldizkariak. «Jende askok lagundu digu. Euskaraz aritzen garen mundu txiki honetan jendeak oso eskuzabal jokatu du bere testuekin, argazkiekin eta marrazkiekin». Denek egin dute bat proiektuarekin. Baina orain argitalpen bat gutxiago izango dute lanak plazaratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.