Haizearen indarraren ondorioz, abisu horia ezarri da euskal kostaldean. Oizen (Bizkaia) 146 kilometro orduko haizeak izan dira, eta 131 kilometro ordukoak Matxitxakon (Bermeo, Bizkaia). Itsas nabigaziorako, berriz, alerta laranja ezarri da. Donostiako uretan, kostatik hamasei miliara dagoen buian, hogei metroko olatuak ere erregistratu dira.
Abisu horia goizeko seietan bertan behera geratzekoa zen, baina mantendu egin dute, haizearen eraginez. Halere, haize boladek ez dute kalte larririk egin. Biharko, 00:00etatik 06:00etara abisu horia ezarria dago nabigaziorako, eta 4-5 metroko olatuak espero dira. Kostaldean ere abisu horia aktibatuko da, 01:00etatik 03:00 bitartean.