Nafarroa

Nafarroa Baik dio "PSNk negoziazioa hautsi" duela, eta Purasek "gobernu integratzailea" proposatu du

Bilera egin dute goizean eta ez dute akordiorik lortu. "Orain ikusi egin behar hauteskunde berrietara goazen edo PSNk UPNri gobernatzen uzten dion berriro", esan du NaBaik. PSNren proposamena: Puras izatea lehendakari eta Gobernuan Parlamentuko alderdi denak egotea (UPNk bost kontseilari, PSNk hiru, NaBaik hiru, NEBek bat eta CDNk bat). NaBaik eta NEBek iragarri dute ez dutela Puras babestuko.

2007ko uztailaren 16a
19:13
Entzun
Sanferminak bukatu dira eta Nafarroako Gobernuaren eraketarako Nafarroa Baik eta PSNk izan dituzten negoziazioak ere bukatu dira. Hala esan du gaur arratsaldean Patxi Zabaleta NaBairen lehendakarigaiak. Biak gaur berriz ere bildu egin dira, baina berriz ere akordiorik lortu gabe geratu dira. "PSN izan da negoziazioa hautsi duena, berak du horren errua", adierazi du Zabaletak.

PSNk, baina, aurrera egiteko asmoa agertu du arratsaldean, NaBairen prentsaurrekoaren ondotik Fernando Purasek esan duenez. Hala, Nafarroan "elkarbizitza" lortzeko, PSNk badu proposamena: UPNk bost kontseilari izatea, PSNk hiru, NaBaik hiru, NEBek bat eta CDNk bat. "Hau da, Parlamentuko alderdi denak geundeke bertan, gobernu integratzailean. Izan ere, azken urteetako blokeekin hautsi egin nahi dugu, horrek Nafarroari kaltea besterik ez diolako ekarri", esan du Purasek.

Hilabete eta erdian jardun dute NaBaik eta PSNk hitz egiten -NEBekin batera-, eta sozialisten jarrera kritikatu du Patxi Zabaletak. "PSNk ez du jokabide leiala izan hilabete eta erdi honetan, eta Nafarroa Bai umiliatzen ere saiatu da, lortu gabe. Guk ahalegin denak egin ditugu akordiora iristeko, baita PSNren gehiegikeriak aguantatuta ere". "Koldarkeria" izatea egotzi dio, bide batez.

Elena Torres Nafarroako Parlamentuaren presidenteak bihar egingo du hirugarren bilera saila alderdiekin, lehendakarigairik baden ikusteko, eta Zabaletak ziurtatu du NaBaik ez duela Puras babestuko. "Orain ikusi egin behar hauteskunde berrietara goazen edo PSNk UPNri gobernatzen uzten dion berriro".

Aurreko bileran PSNk NaBairi eta NEBi Gobernuan bina ordezkari izatea eskaini zien -PSNk beste bi lituzke eta sei kide "independenteak" lirateke, sozialistek izendatuak-, "baina gaur ez du proposamen hori atera ere egin", adierazi dute NaBaikoek. "Akordiorako aukerak murriztuta zeudela bota dute".

NEBek ere esan du ez duela Purasen alde bozkatuko. NEBek eta PSNk ere gaur bilera egin dute, akordiorik lortu gabe. "Hala ere, guk ez dugu ezer puskatutzat ematen", adierazi du Jose Miguel Nuin NEBek bozeramaileak. "PSNk, baina, esan digu ez dagoela NaBairekin eta gurekin aldaketarako gobernua osatzeko moduan".

UPNren eskaera PSNri

UPNk PSNri "azkar" erabakitzeko eskatu dio, "irudi txar honekin bukatzeko". Maiatzaren 27an izan ziren foru hauteskundeak eta alderdiek oraindik ez dute akordiorik lortu Gobernurako. UPNk berak PSNri, NEBi eta CDNri exekutiboa osatzeko proposamena egina die eta proposamen hori, Alberto Catalan alderdi haren ordezkariaren iritziz, "arduratsua, koherentea eta eskuzabala" da. Gauza bera iritzi dio Mariano Raxoi PPren presidenteak.

Gaspar Llamazares IUren koordinatzaile nagusiak, berriz, "Nafarroara gehiago" begiratzeko galdegin dio PSOEri "eta gutxiago Genovara" [PPren egoitzara]. PSNren, NaBairen eta NEBen akordioaren alde da Llamazares, "gobernu aurrerakoia lortzeko".

UPNk 22 eserleku lortu zituen hauteskundeetan, NaBai koalizioak 12 (Aralar, EA, Batzarre, EAJ) PSNk 12, NEBek 2 eta CDN 2. Espainiako auzitegiek baliogabetu egin zuten EAE-ANV.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.