Tortura

Nafarroa Baik Rubalcabaren berehalako agerraldia eskatu du Portu eta Sarasolaren ustezko tortura kasua dela-eta

Portu eta Sarasolaren abokatua gustura auziak aurrera segitzen duelako, "gutxitan gertatzen baita halakorik". Donostiako Auzitegiko epaile batek bi haien atxiloketan eta galdeketetan parte hartu zuten hamabost guardia zibil deklaratzera deitu ditu, eta torturak egiteagatik daude auzipetuak. "Epaileak hausnarketa sakona egin du, eta ondorio batera iritsi da: torturak egon ziren aztarnak egon badaudela", dio Amaia Izko abokatuak.

2009ko martxoaren 3a
16:02
Entzun
Donostiako Auzitegiko epaile batek Igor Portu eta Mattin Sarasola ustezko etakideen tortura salaketen auzibidearekin aurrera segitzea erabaki duela-eta, Uxue Barkos Nafarroa Baiko Espainiako Kongresuko parlamentariak Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren "berehalako agerraldia" eskatu du.

"Indarkeriaren aurka demokrazia da erabil daitekeen lanabes bakarra, giza eskubideei erabateko errespetua izanda", esan du gaur Barkosek.

Epaileak Porturen eta Sarasolaren atxiloketan eta galdeketetan parte hartu zuten hamabost guardia zibil deklaratzera deitu ditu, eta torturak egiteagatik daude auzipetuak.

Auziak aurrera jarraitzearekin gustura azaldu da gaur Portu eta Sarasolaren abokatu Amaia Izko, "gutxitan gertatzen delako halakorik". Izkok dio epaileak "hausnarketa sakona" egin duela kasuaz, "eta ondorio batera iritsi da: torturak egon ziren aztarnak egon badaudela".



Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak gaur adierazi du auzia ikertu egin behar dela, "zalantzarik gera ez dadin".

Guardia Zibileko sindikatuak, berriz, errugabetasun irizipidea kontuan hartzeko eskatu du.

Iaz atxilotu zituzten

Portu eta Sarasola iazko urtarrilaren 6an atxilotu zituzten, Arrasaten (Gipuzkoa), ETAko kideak zirelakoan. Hamazazpi orenen buruan, Portu Donostiako ospitalera eraman zuten, saihets hezur bat hautsia eta birika zulatua zituelako. Horrez gain, ubeldurak zituen gorputz osoan. Torturatua izan zela salatu zuen, eta Donostiako Auzitegiko guardia epaileak auzibidea ireki zuen. Portu eta Sarasola atxilotu zituzten bi guardia zibilak deklaratzera deitu zituzten, eta baita beste sei guardia zibil ere, hala nola, bi atxilotuak Intxaurrondoko polizia etxera eraman zituztenak, kuartelean Porturekin egon zen beste bat eta Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean egon ziren lau guardia zibilak.

Bitartean, Mattin Sarasolak guardia zibilen esku segitu zuen, eta, zenbait egun geroago, epailearen aitzinean deklaratu zuenean, bortizki torturatu zutela salatu zuen hark ere. Igor Porturen bertsioa berretsi zuen: atxilotu ondoan, erreka bazter batean, mendian eta ziegan torturatu zituztela; eta ez zituztela atxilotzeko unean zanpatu, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak aditzera eman zuen gisan. Rubalcabak erran zuen Portu eta Sarasola ihes egiten ahalegindu zirelako izan zela "atxiloketa bortitza".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.