Eremu mistoa Iruñerri osora zabaltzeko prosamena ez da aurrera atera Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran. Nafarroa Baik, PSNk eta NEBk aldaketaren alde bozkatu dute, baina NaBaiko Txentxo Jimenez falta zenez, ez dute gehiengo osoa lortu. UPNk eta CDNk kontra bozkatu dute. Beste bost udalerri -Aranguren, Galar, Noain, Elortzibar eta Beriain- eremu mistoan sartzea eragingo luke legearen aldaketak. Jimenez Himalayan da, oporretan.
Hori dela eta, Nafarroa Baiko bozeramaile Maiorga Ramirezek onartu du beren okebaten ondorioz geratu dela aldaketa onartu gabe, eta barkamena eskatu du. "Parlamentari bakoitzak erabakiak hartzen diren lekuan egoteko eskubide eta betebeharra du.Hala ere, ez genuen pentsatu inolako momentutan errakuntza hau Parlamentuko kortesiaren bidez gainditu ahal izango ez genukeenik. Zintzo jokatzeko barkamena eskatu behar dugu. Aralarrek eskatu zituen, eta gaur Nafarroa Baik eskatzen ditu", nabarmendu du.
Aralarrek -Txentxo Jimenez alderdi horretakoa da- eta Nafarroa Baik barkamena eskatu duten arren, arduraren zati bat PSNri egotzi diote, hain justu, eurek bozketa beste egun batera aldatzeko eskatu eta kontra bozkatu zutelako. Legea aldatzeko borondate gutxi izatea egotzi diote.
Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko parlamentariak egunotan argitu du astelehenean ohartu zela ezingo zituztela gehiengo osoa eskuratzeko beharrezko botoak batu. Izan ere, Jimenezen hutsunearekin 25 boto besterik ez dituzte lortuko, NaBaik 12, PSNk 12 eta NEBak 2 parlamentari baitituzte Nafarroako Parlamentuan.
Astelehenean bertan, gaurko osoko bilkurako puntu horren eztabaida atzeratzeko eskatu zuen Zabaletak Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordean. Ezker Batuak eta koalizioak bozkatu zuten alde, baina ezetza eman zioten UPNk, CDNk eta PSNk. Parlamentari bat oporretan egoteagatik egutegia ez dutela aldatuko arrazoitu zuten hiru alderdiek. Zabaleta, ordea, kexu azaldu da: «Egunero eta orduro egiten dituzte aldaketak egutegian, baina oraingoan ez dute egin nahi izan. UPN eta CDN oldartu egin dira egutegia dagoeneko zehaztuta dagoela esanez». PSN ere, nahiz eta legearen aldaketaren alde bozkatu zuen, egutegia aldatzearen kontra agertu zen, beste noizbait haiek egutegia aldatu nahi izan dutela, eta ez dietela utzi argudiatuz.
ARALARREK BARKAMENA ESKATU DU. Egoera hori sortu dela eta, Aralarrek -alderdi horretakoa da Txentxo Jimenez- barkamena eskatu die Nafarroa Bairen boto emaileei, eta, oro har, herritar guztiei. "Aralarrek autokritika egiten du, beregain hartzen du eta akatsa dela aitortzen du bere legebiltzarkideak hurrengo osteguneko osoko bilkuran ezin egon izana, Euskararen Legearen 5-B artikuluaren eztabaida eta bozketa egiteko", agertu du. Hala ere, PSNri legea aldateko borondarik ez izatea egotzi diote.
IRAILEAN, AUKERA BERRIA. Gaur legea aldatzeko azken pausoa eman ez bada ere, heldu den irailetik aurrera, ekintza parlamentarioaren urteko bigarren epean, lege proposamena aurkezteko beste aukera bat izanen da. Gainera, gaur edo iraileko osoko bilkura batean onartu arren, Legea 2009ko urtarrilaren lehenean jarriko dute indarrean. «Azken finean, gauza bera da. Ez da aldaketarik izanen bihar edo irailean egiten bada osoko bilkuran bozketa», azaldu zuen atzo Zabaletak. Bestalde, oporretara joan ondotik Jimenezekin ez dutela harremanik izan aitortu du Zabaletak.
Bidenabar, Zabaletak azpimarratu du legearen aldaketa «eskasa» dela, hau da, «murritzegia euskararen normalizaziorako». Era berean, NaBaiko parlamentariak gogora ekarri du Ezker Batuak Euskararen Legea aldatzeko egin zuen lege proposamenari Batzarrak onartu ez zituen bi zuzenketa egin zizkiola koalizioak: lehenak euskararen koofizialtasuna Nafarroa osorako aldarrikatzen zuen. Bigarren zuzenketa, berriz, subsidiarioa zen, eta eremu mistoan lau udalerri horiez gainera beste 24 sartzeko eskatzen zuen; Tafalla, Zangoza, Irunberri eta Erriberri, besteak beste.
Jimenezekin gertatu berri denaren harira, koalizioari «itsuskeria» bat egitea leporatu nahi izan diotela adierazi du NaBaiko bozeramaileak. «Hasiko bagina kontatzen etxe honetan egiten ditugun bidaiak, irribarrez geldituko litzaiguke jendea».
Hizkuntz normalizazioa
Nafarroa Baiko Jimenez falta zenez, Euskararen Legearen aldaketa ez da aurrera atera
Aralarrek herenegun bezala, Maiorga Ramirez NaBaiko bozeramaileak barkamena eskatu du gaur, gertatutakoa "errakuntza" dela aitortuta. Eremu mistora Iruñerri osora zabaltzea zen aldaketaren helburua, eta Nafarroa Bai, PSN eta NEB ados jarrita zeuden. Proposamea aurrera ateratzeko ezinbestekoa zen, ordea, talde horietako parlamentari guztiek bozkatzea. Txentxo Jimenez Himalayan dago. NEBk gaur goizean erregistratu du berriro proposamena, irailean aurrera ateratzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu