Politika

Nafarroa Bairen funtzionamenduari buruzko proposamenak eztabaidagai izango dituzte gaur

Koalizioko kideek Iruñean egingo dute batzarra, 19:00etatik aurrera.

2008ko ekainaren 6a
14:23
Entzun
Joserra Senar

Azken egunetan Nafarroa Bai osatzen duen alderdi bakoitzak (Aralar, EA, EAJ, Batzarre) koalizioaren funtzionamendua sendotzeko proposamenak aurkeztu dizkio iritzi publikoari. Orain militanteek eta oinarriek proposamen horiek eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko ordua iritsi da. Gaur 19:00etan Iruñeko Baluarten batzarra egingo du Nafarroa Baik. Lehena hitz egiten Uxue Barkos izanen da; gero, alderdi bakoitzeko eledunek hitz egingo dute; eta ondoren, proposamenak eztabaidatuko dira.

Prozesua abian da, eta noiz amaituko den ez dago argi. Aukerak ere hamaika dira. Herenegun Maiorga Ramirez EAko Nafarroako presidenteak adierazi bezala, "koalizio xume bat izatetik alderdi bat bezala funtzionatzeraino" aukera guztiak irekita daude. Hori ondorioztatu daiteke baita ere aste honetan zehar Aralarrek, EAk, EAJk eta Batzarrek egindako proposamenetatik.

Aralarrek, kasu, argi eta garbi NaBaiko militantea sortzearen aldeko apustua egin du. Aralarrek azaldu du nahi duenak eskatu beharko duela militante izatea; alderdi bateko militante izateak, kasu, ez du automatikoki esan nahiko, NaBaiko militante dela. Pauso hori emanda, erabakiguneetan militanteek erabakitzeko %30eko portzentaia izatea proposatu du Aralarrek. Horrekin batera alderdiak proposatzen du batzorde iraunkorrean beto eskubidea kentzea. Herrietan bere buruzagitza propioa izango duten taldeak sortzea ere defenditzen du.

EAk, berriz, zehaztu du NaBairen militantea sortuz gero, egungo independentearen figurak garrantzia galduko lukeela, eta tentuz eta lasai eztabaidatzea proposatu du. EAk beharrezkotzat ikusten du, antolamendu mailan, alderdi bakoitzak duen indarraren araberako ordezkaritza bat sortzea koalizio barruan. Indar hori neurtzeko irizpide desberdinak iradoki ditu (emaitza historikoak, militante kopurua, kargu kopurua...). Gizartearen parte hartzea bultzatzeko foroak sortzea ere proposatu du EAk. Gainera, ideologikoki EAk defenditzen du "aniztasunean oinarritutako ekimen bateratua"; homogenizazioaren ordez, ñabardurak agertzeko aukera izatea, alegia. Erakundeen arteko koordinazioa, edota barne araudi bat egitea dira beste proposamenak.

EAJk beharrezkotzat ikusten du parlamentarien jarduerako barne araudi bat sortzea lehenbailehen, baita diziplina erregimen bat ere. Batzorde iraunkorraren gainetik Kontseilu Nagusi bat eratzea proposatzen du, koalizioaren "organo gorena", gutxienez urtean bi aldiz bilduko litzatekeena. Kontseiluak bost adar lituzke: instituzionala, politikoa, komunikazioa, ekonomikoa eta antolamendukoa.

Batzarrek, militanteek eta alderdiek aukeratutako organo misto bat proposatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.