Goizeko hamarretarako zuten hitzordua jarria, baina lehenago ere hasiak ziren Baigorriko kaleak betetzen. Izan ere, jai giroan ospatu dute 37. Nafarroa Eguna, Separatismorik ez! Nafarroa bat eta bakarra lelopean. Gonbidatuen artean, Joseba Asiron Iruñeko alkatea edota Uxue Barkos Nafarroako gobernuburua.
Ekitaldi ugari izan dituzte egunean zehar, bazkariak, bertso saioak edota kontzertuak besteak beste. Eguneko protagonistetako bat, hala ere, Manex Pagola musikaria izan da. Bizitza osoa darama Pagolak melodiak sortzen, eta euskal musikari askok interpretatu dituzte haren kantuak.
Jauregia salgai
Bestalde, eta Baigorrin jendetza bildu dela baliatuta, Etxauzia elkarteak diru bilketa egin du izen bereko gaztelua erosteko.
Euskaldun bat, euro bat kanpaina ez da berria. Etxauzia elkarteko idazkari Antton Kurutxarrik azaldu duenez, Nafarroaren historia eta kultura biltzeko gunea bilakatu nahi dute jauregia. "Proiektuaren oinarria gaztelua publikoari zabaltzea da, denei. Ez dadin gehiago pribatua izan. Jina da garaia herritarrek balia dezaten".
[youtube]https://youtu.be/mK-XRfdMEJ8[/youtube]