Ikerketa Batzordeak Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen dimisioa eskatu ostean, PSNk oposizioko alderdiekin bilera erronda bat egingo zuela iragarri zuen. Guztiekin, Bildurekin izan ezik. Oscar Lopez PSOEko idazkariaren arabera, gaur bertan hasiko da PSN gainontzeko alderdiekin biltzen, eta aste honetan bertan amaitzea espero du. Hasieran, zentsura mozioa aurkeztuko zuela esan bazuen ere, Lopezen arabera bilera erronda horien ostean erabakiko du PSNk zer egin.
PPNko bozeramaile Enrique Martin de Marcosek "arduraz" jokatzeko eskatu dio PSNri, erabakiak "Nafarroari begira" hartzeko, eta ez "interes alderdikoei". Martin de Marcosen ustez, bileren erronda "denbora irabazteko trikimailu bat besterik ez da". PPNk ez du zentsura moziorik babestuko, eta ez du uste hauteskundeak aurreratzeak herritarren arazok konponduko dituenik: "Denbora galtzeko modu bat besterik ez da, krisiari eta langabeziari konponbidea bilatzeko erabili beharko litzatekeena". Are gehiago, bileren erronda, PSNk baino, Barcinak burutu beharko lukeela uste du Martin de Marcosek, Nafarroa zein egoeratan dagoen jakinarazi eta legealdia bukatu artean gobernuaren proiektua zein den ezagutarazteko.
Nafarroako Parlamentuan Bilduren ordezkari Maiorga Ramirezek esan zuen babestu egingo zuela hauteskundeak aurreratzeko balio dezakeen zentsura mozio oro. Nafarroak bizi duen "egoera larriak" aterabide bakarra du Ramirezen iritziz, eta hori hauteskundeak aurreratzea da, nafarrek "ahalik eta lasterren" euren iritzia eman ahal izan dezaten. Haren ustez, Barcinak hainbat arrazoi ditu dimititzeko: "Bost kontseilarik eta hemeretzi zuzendari orokorrek eman dute dimisioa, zerbitzu publikoen kalitatea gainbehera doa eta Nafarroako kontuak hondoa jota daude: zer gehiago behar du gobernu bateko presidenteak bere porrota onartu eta hauteskundeak deitzeko?".
Nafarroan ez ezik, Madrilen ere hitz egiten da bertako egoeraz. Soraya Rodriguez Espainiako Kongresuan PSOEren bozeramaile denak berriz errepikatu du bere alderdiak ez duela ezer hitzartuko, ez hitz egingo, ez adostuko Bildurekin, baina horrek ez duela esan nahi, bozketa egiten den momentuan, bi alderdien botuak bat etorri ez daitezkeenik. Rodriguezen ustez, Barcinaren egoera "eutsiezina" da, eta nafarrek euren iritzia hauteskundeen bidez "berehala" agertzeko aukera izan behar lukete.
Alfonso Alonso (PP), Rubalcabari galdezka
"Ordena jartzeko" eskatu dio Alfonso Alonso PPren Kongresuko bozeramaileak Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren idazkari nagusiari. Bildurekin akordiorik ez egiteko eskatu dio berriro, "Nafarroako etorkizunarentzako mehatxua" baita bere ustez.