politika

Nafarroa Birizik taldearen prentsaurreko bat debekatu du Kongresuko Mahaiak

PPko kideek egin dute debekuaren alde, ekitaldia ez delako baimenaren eskatzaile Amaiurren barne mailakoa. Nafarroa Bizirik-ek iragarri du Espainiako parlamentu atarira joango dela bihar.

2012ko maiatzaren 28a
16:58
Entzun

Espainiako Kongresuko Mahaiak, PPkoen botoei esker, Nafarroa Birizik taldea bihar parlamentuko areto batean ematekoa zen prentsaurreko bat debekatu du. Mahaiko bederatzi kideetatik zortzi azaldu dira euren batzarrera, bostek (PPkoak denak) debekuaren alde bozkatu dute, PSOEko hirurek ez dute botorik eman eta CiUko ordezkaria ez da azaldu.

Nafarroa Bizirik-ek iragarri du bihar Kongresu atarira joango dela, 12:30ean, kexa azaltzera.

Nafarroako konkistaren mendeurrenean, 1512-2012 Nafarroa Bizirik elkarteak gaur eta bihar bi hitzaldi eskainiko ditu Madrilen, Ateneoan eta Euskal Etxean. Era berean, Kongresuan Amaiur, EAJ eta Geroa Bai parlamentu taldeekin topaketa bat egin eta prentsaurreko bat eskaini nahi zuen.

Ekitaldi horien harira, Diario de Navarra egunkariak lehengo astean zioen Nafarroa Bizirik-eko kideen artean Angel Rekalde ETAko kide izandakoa dagoela. UPNk ondoren Kongresuko Mahaiari eskatu zion ekitaldia debekatzeko, "ETAk antolatu duelako". Gero PP etorri zen; Alfonso Alonso parlamentarioak Jesus Posada Kongresuko presidenteari eskatu zion hitzaldi horri emandako baimena atzera bota eta debekatu dezala. PPren eskaera jaso ostean, Posadak auzia aztertzeko Mahaiaren presazko bilkura batera deitu zuen gaurko. 

Nafarroa Bizirik taldearen Kongresuko ekimena baimentzeko eskaera Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak egin zuen, baina EAJk zein Geroa Baik ere babestu zuten. Celia Villalobos (PP) Mahaiko kideak gaur esan du ekitaldi hori ez dela Amaiurren barne mailako kontu bat, eta horregatik eman dutela debekua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.