EAk kritikatu egin du UPNk eta CDNk larunbat honetarako Iruñerako deitua duten manifestazioa, horrek esan nahi duena "gezur galanta" delako, Begoña Errazti EAko presidenteak esan duenez. "Bake prozesuan Nafarroa trukean emango dela esaten dute eta hori gezurra da" eta, haren ustez, "UPNk eta CDNk hauteskundeei begira errenta atera nahi dute" ekimenarekin. Forua eta askatasuna. Nafarroa ez da negoziagai du leloa manifestazioak.
Erraztiren ustez, ekimena "aniztasun demokratikoaren kontrakoa da" eta "Nafarroako autogobernuaren kontra egin izan dutenak bilduko dira bertan, [Espainiako] Estatuko muturreko indarrekin bat egingo dute, eta hori demokraziarentzat arriskutsua eta onartezina da".
Mobilizazio horrek "gizartean zatiketa" bilatzen du Erraztiren iritziz, eta esan du antolatzaileen aldean desberdin pentsatzeko eskubidea dutela besteek, "baina nafar hauek Nafarroatik aldedu nahian dabiltza [Miguel] Sanz eta [Juan Cruz] Alli".
Batasunaren ustez, berriz, "Nafarroa PPren hauteskunde estrategiaren zerbitzura erabiltzen ari dira". Hala, UPN eta CDNko boto-emaileei euren alderdiaren kontra egiteko dei egin die. "Badakigu bi alderdi horien milaka boto-emailerengan gizarte osoarentzat bakea eta askatasun aukera ekar dezakeen prozesuak itxaropena sortu duela", esan du Batasunak ohar batean, "baina politikako arduradunak euren sentimenduak manipulatzen saiatzen ari dira, beldurraren mamua astinduta, kosta ala kosta, boterean jarraitzeko helburuarekin".
Batasunaren iritziz, "Nafarroa mehatxupean duen anexionismo bakarra Espainiakoa da".
Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidentea Iruñean izan da gaur, eta esan du EAJk "inoiz ez" duela onartuko Nafarroa "inolako bake prozesuan txanpon truke izatea. Nafarroa ETAren esku dagoela esaten dutenek badakite hori gezurra dela".
Imazen ustez, "hori aitzakia gisa erabiltzen dute, beldur direlako nafarren borondateak [Nafarroako] Gobernutik bidal ditzakeela".
Politika
Nafarroa "erabiltzen" ari direla leporatu diete abertzaleek UPNri eta CDNri
EAk, Batasunak eta EAJk Iruñeko manifestazioaren antolatzaileak "gezurrak" zabaltzen ari direla salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu