ALDAKETA ESPAINIAKO KOROAN

Nafarroa Espainiaren "jatorrizko lurretako bat" dela esan du Felipe Borboikoak Leiren

Euskal Herrian eman du Espainiako printzeak errege izango dela zabaldu osteko lehen hitzaldia. "Monarkiaren inposaketa" salatu du EH Bilduk Leiren.

2014ko ekainaren 4a
07:52
Entzun

Espainiako Gobernuak atzo eman zuen lehen pausoa Juan Carlos I.a Espainiako erregearen abdikazioa onartu eta koroa haren seme Felipe Borboikoaren esku uzteko. Ministroen kontseiluak, ezohiko bileran, horretarako lege organikoa onartu zuen, eta Espainiako Kongresura igorri. Datozen bi asteetan, Kongresuak eta Senatuak onartuko dute. Ekainaren 18an izendatuko dute Felipe VI.a Espainiako errege.

Astelehenean eman zuen Juan Carlos I.ak abdikazioaren berri, eta Felipe VI.a izango denak gaur egin du lehen hitzaldia, Euskal Herrian; Leireko monasterioan, hain zuzen. "Nafarroa da Espainia gure aberriaren jatorrizko lurretako bat", izan dira Borboikoaren lehen hitzak. Agerraldiaren ostean, Vianako Printzea saria emango dio Jesus Morras Santamaria Tarsicio Azcona historialariari.

EH Bilduko  parlamentariek "monarkiaren inposaketa" salatu dituzte Leiren eskainitako prentsaurrekoan, eta zehaztu Vianako Printzea saria ematea Nafarroako agintariei dagokiela, eta ez Espainiako monarkiaren ordezkariek. "Monarkia-errepublika eztabaidaz haratago, haustura demokratikoa beharrezkoa da; herrien eta herritarren erabakitzeko eskubidea onartuko duen haustura", nabarmen.

Bestetik, ekitaldia baliatuz, estatu ereduari buruzko erreferenduma eskatuko dio Ezkerrak idatzi baten bidez Felipe Borboikoari.

EAJk abstentzioa, Amaiurrek bozketarik ez

Alderdiak ari dira jarrerak argitzen. EAJk abstentzioaren aldeko hautua egin du. "Aurka bozkatzea abdikazioaren kontra egin eta erregeari estatuko buru izaten jarraitzea eskatzea bezala litzateke", argudiatu du Aitor Esteban diputatuak. EAJ "funtsean" errepublikazalea dela esan du; ezin duela eman, beraz, legearen aldeko botoa. Herritarrek errepublika edo monarkia nahi duten erabakitzeko erreferenduma egin beharko litzatekeela ere esan du.

Eztabaidan bai, baina bozketan ez du parte hartuko Amaiurrek. "Gure erronka euskal errepublika da", esan du Onintza Enbeita diputatuak. Monarkia guztien aurka dauden arren Espainiako eredua erabakitzea ez dagokiela berei azaldu du, eta gainera, monarkia bera ez dela zalantzan jartzen bozketa horietan.

Ezker Anitzak "PSEri eta Bilduri" eskatu die "demokraziara biltzeko" eta aukera emateko herritarrei monarkia edo errepublika hautatzeko. Soraya Rodriguez bozeramaileak azaldu du PSOEk legea babestuko duela eta ez diela diputatuei boto askatasunik emango. JSE-Egaz PSEren gazte taldearen zuzendaritzak, ordea, ebazpena onartu du erreferendumaren alde. PPren gehiengoak ez du legearen onarpena zalantzan jartzen, baina, zenbait lekutan, eztabaida sutsua eragingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.