POLITIKA

Nafarroa eta EAE batzea ez dago lau urteetarako agendan, Barkosen arabera

Nafarroako Gobernuko presidenteak espero du 2016rako ETB Nafarroan ikusi ahal izatea. "Gutxi gorabehera" bi aste barru bilduko da Nafarroako Gobernuko presidentea Iñigo Urkullurekin. Fernando Dominguezek atzo esan zuen urtea amaitu baino lehen Osasunbidean abortatu ahal izango dela.

Uxue Barkos, iragan asteko gobernu kontseilu ondorengo agerraldian. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
2015eko irailaren 7a
11:20
Entzun

Euskadi Irratian egin diote elkarrizketa Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteari. Bertan, esan du indarrean dagoen legealdiko agendan ez dagoela Hego Euskal Herriko lau herrialdeak batzea; horrek ez du esan nahi, ordea, "helburu politikoei eusten ez zaienik".

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin harremanak "normaltzeak leku berezia" izango du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egingo duen lehen bileran. Izan ere, hogei urtean harreman horiek "ez dira normalak izan", Barkosen ustez, eta "Nafarroako gobernu ezberdinei" egotzi die horren ardura.

Barkosen esanetan, bi erkidegoek aukera dute zerga politikan eta Kontzertu Ekonomikoaren nahiz Itun Ekonomikoaren defentsan elkarlanean aritzeko, "gobernu zentralaren erasoak kontuan hartuta". "Arazo teknikoak gainditutakoan" ETB Nafarroan ikusi ahal izango dela ere iragarri du: "Ez dut aurreikusten 2016an ETB Nafarroan ez ikustea".

Gobernua babesten duten alderdien arteko desadostasunez galdetuta, Barkosek azaldu du Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren arteko harremanak onak direla. Aitortu du desadostasunak dituztela, eta iragarri etorkizuneko "erronkei" begira ere izango dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.