NAFARROA. EUSKARA ETA AURREKONTUAK. Euskara, itolarrian

Nafarroako euskalgintzan aritzen diren elkarteek eta langileek salatu dute euskara «itotzeko» estrategia duela Gobernuak

Naiara Elola.
Iruñea
2009ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
«Itota», hala ikusten dute Nafarroan euskara euskalgintzan lanean ari direnek. Gainera, urte luzez egin duten lana «kolokan» dagoela ere jakinarazi dute. Egoera hori ez da berria. Aurten, esaterako, Nafarroako hedabideek behin baino gehiagotan salatu dute euren egoera larria, baita udaletako euskara teknikariek ere. Batek baino gehiagok 2010. urteko aurrekontuetan «esperantza» bazuela aitortu du, baina espero zutena ez dela bete onartu dute. Izan ere, atzo onartu zituen Nafarroako Parlamentuak Aurrekontu Orokorrak, UPN, PSN eta CDNren aldeko botoekin. Hainbat alderdi politikok zuzenketak aurkeztu zituzten, baina ez dute bat bera ere onar-tu.

Aurreko astean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak salatu zuen 2010. urteko aurrekontuak «oztopo handia» direla euskararentzat Nafarroan. Alberto Catalanek zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuak denera 990 miloi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Horietatik 3 milioi pasatxo Euskarabideak jasoko ditu. Hala, aurtengo aurrekontuekin alderatuta, Nafarroako Euskararen Institutuak ia 45.400 euro gehiago jasoko ditu.

Dena den, Euskarabideak berak aurrekontu osoaren erdia baino gehiago behar du. Oskar Zapata Topaguneko Nafarroako ordezkariaren irudiko, «Euskarabideak berak diru hori gastatzen badu, behar duelako izango da». Hala ere, aurrekontuaren zatirik handiena langileen gastuetan gastatzea «onartezina» dela deritzo. Izan ere, sistemak berak aurrekontuaren zatirik handiena jaten duela dio, inbertsio eta transferentzietarako ez baitira 919.150 euro besterik bideratzen. Aurtengo diru laguntzekin alderatuta, heldu den urtean 287.686 euro gutxiago jasoko ditu euskalgintzak Nafarroan.

Jaitsiera horrek Nafarroako euskalgintza osoari eragiten dio. Egungo testuinguru ekonomikoa kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak ematen dituen dirulaguntzak inoiz baino garrantzitsuagoak dira euskalgintzan dabiltzanentzat heldu den hilabeteetan euren iraupena ziurtatzeko. Hala ere, Zapataren iritziz, Sanzen gobernuak «euskalgintza deuseztatzeko estrategia bat» jarri du martxan. «Hori oso agerikoa da».

Agindutako dirua

Helios del Santo AEK-ko Nafarroako koordinatzailea Zapataren iritzi berekoa da. Nafarroako aurrekontuetan euskara sustatzeko gero eta diru gutxiagojartzen dela dio. Aurten, esaterako, 400.000 euro jarri dituzte euskaltegietarako. Hala, diru hori euskaltegi publiko eta pribatuen -AEK eta IKA- artean parte-katu behar izan zuten. «Aurreikusten zen 2010. urteko aurrekontuetan 414.000 euro inguru jasotzea, baina hainbat doikuntzaren ondorioz diru gutxiago jasoko dugu». Euskaltegiek euskalduntze prozesuan egiten duten lana aldarrikatu du Del Santok.

Horrez gain, Nafarroako Gobernuak ikasleek euskara ikasteko egiten duten esfortzu bera egitea nahi du Del Santok. «AEK-ko ikasle batek 600 euroko matrikula ordaintzen du gutxi gorabehera, eta laguntza gisa 6 eta 12 euro artean jasotzen ditu».

Garai ilunak gogora

Egungo egoera ikusita, garai bateko momentu txarrak datozkie gogora bai Zapatari baita del Santori ere. «Pedro Pegenaute Hizkuntza Politikako zuzendari zeneko garaiak datozkit gogora aurrekontuak ikusita», diote. Hala duela bi urte, Nafarroako Gobernuak Euskarabidea sortu zuenean, garai hura atzean geldituko zela uste zuela aitortu du Zapatak. «Euskarabidea sortu zenean, esperantza piztu zitzaigun, baina dena ezerezean gelditu da». Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak keinuak soilik egiten dituela salatu du, ekintzarik ez dela ageri inon.

Helios del Santok ere Pegenauteren garaitik Azanzarenera egoerak okerrera egin duela uste du. «Azanzak proiektuak sortzen ditu, plan estrategikoa esaterako, baina hori aurrera eramateko, dirua behar da, eta horixe falta da, dirua». Pegenauteren garaian baino diru gutxiago dutela gaineratu du. Alde horretatik, Nafarroan euskarazko hedabideek duten egoera ere salatu du.

Ildo beretik, Nafarroako euskarazko hedabideek duten egoeraren erantzule Azanza dela irizten dio Zapatak. «Euskarabideko zuzendariaren utzikeriagatik gelditu dira euskarazko hedabideak diru laguntzarik gabe», dio. Aurten, 250.000 euro jasotzekoak ziren euskarazko hedabideak, baina diru hori izoztuta gelditu zen. Hala, 9.567 euro jasoko zituztela jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak. Dena den, udan Azanzak komunikabideekin izandako bileren ostean hasiera batean agindutako 250.000 euroak lortzen saiatuko zela ere hitzeman zuen. Egun, jakina da, ez dutela zentimorik ere jaso Nafarroako euskarazko hedabideek. Aurrekontuetan datorren urterako 250.000 euro bideratzea jasota dagoen arren, hori ere zalantzan jartzen du Zapatak.

Euskara teknikarien patua

Aurtengo aurrekontuak kontuan hartuta, nabarmen jaitsiko da Nafarroako udaletako euskara teknikariek jasoko duten diru saila ere. NETLE Nafarroako Euskara Teknikarien Lanbide Elkarteak jakinarazi duenez, 2010ean 10.000 euro soilik jasoko dituzte. Felix Altzelai elkarteko presidenteak eman du egoeraren berri: «Aurten 300.000 euro inguru jaso ditugu. Beraz, hainbat euskara zerbitzu kolokan egon daitezke». Laguntza ekonomikoen murrizketaren ondorioz kaltetu nagusiak euskara bera eta euskal komunitate osoa direla gaineratu du. NETLE denera 28 euskara teknikarik osatzen dute. Guztien artean adosten dituzte egin beharreko euskara plangintzak. Hala ere, Altzelaik argi utzi du plangintzak alferrik direla dirurik ez badute.

Horrez gain, Altzelairen irudiko, «hainbat lekutan euskara zerbitzua da euskara sustatzeko dagoen bide bakarra». Beraz, diru laguntzen murrizketen ondorioz hainbat euskara teknikariren lanpostua kolokan egon litekeela ere gogorarazi du. Gainera, gaitzetsi egin du euskalgintzaren laguntzak jaisteko arrazoia krisia denik. «Nafarroako Gobernuak duela hilabete batzuk esan zuen krisitik irteten ari ginela, eta beste behin dio diru laguntzen jaitsieraren zioa krisia dela; zertan geratzen gara?», dio haserre. PSNk eta UPNk euskararekiko duten jarrera jo du Altzelaik egungo egoeraren erantzule nagusitzat. «Euskararen Legea aldatu nahi ez izatean ikusten da zer-nolako jokamoldea duten».

Aurrez aipatutako laguntzen jaitsieraz gain, beste hainbat ere badira. Esaterako, aurten Euskaltzaindiak Euskarabidearekin zuen akordioaren bitartez 235.000 euro jaso ditu, eta heldu den urtean 10.000 euro soilik jasoko ditu. BERRIAk jakin duenez, litekeena da heldu den hilabeteetan Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak beste itun bat sinatzea. Hala, horren bitartez, 10.000 euro baino gehiago jasoko lituzke Euskaltzaindiak Nafarroako Gobernuaren eskutik.

Erantzun bateratua

Joan den astean Nafarroako euskalgintzak ateratako adierazpen bateratuak oinarri sendoak izan ditzake, egungo egoerari aurre egiteko. Zapatak argi du: «Ezinbestekoa da Gobernuaren jarrerari aurre egiteko erantzun bateratu bat ematea». Hala, datozen asteetan ere berriz ere biltzeko asmoa dutela aitortu du. «Egoera zailean gaude, hori ez da berria, baina gu elkar joka hastea nahi du Sanzen gobernuak».

Izan ere, Zapataren irudiko, euskalgintzako alor bati dirua emateko, beste bati kendu egin diote. Hala, horren bitartez sektoreen arteko aurkaritza erdietsi nahi dutela gaineratu du. Del Santo ere batasunaren aldekoa da. «Azken hilabeteetan euskalgintzako hainbat elkarterekin bildu gara, eta datozen asteetan ere bilduko gara». Dena den, argi du, egungo egoerak ez duela aldaketa «handirik» izango. «Nafarroako Gobernuak dirua ateratzen du gauza askotarako, baina euskararentzat denean krisiaren aitzakia darabil».

Oskar Zapatak, Helios del Santok eta Felix Altzelaik Nafarroan euskaldun izatea zilegi dela aldarrikatu dute. Oztopoak oztopo euskararen alde eta euskaraz jarraituko dutela berretsi dute, «Gobernuak euskara eta euskal hiztunak zapaltzeko dituen estrategia guztiak ekidinez».



9.000 euro jaso dituzte euskaltegietako ikasleek

Herenegun, AEK eta IKAko ikasleek euskara ikasteagatik Nafarroako Gobernuak ematen dizkien diru laguntzak itzuli zituzten, zentimotan. Denera, 1.600 lagun inguruk ikasten dute euskara AEK eta IKAn. 2009ko aurrekontuetan hala adostuta, euskaltegietako ikasle guztien artean 9.000 euro banatzen dituzte, euskaltegietako matrikula ordaindu ahal izateko. Beka horiek duela bi urte sortu zituen Gobernuak, matrikularen erdia edo gehiago finantzatzeko. Hala ere, ikasle bakoitzak 9 eta 12 euro artean jasotzen ditu 600 euroko matrikula ordaintzeko. 2008an 20.000 euro jarri zituzten helburu horretarako, eta bi elkarteek «gehiago» behar zela aldarrikatu zuten.





%53

Euskarazko irakaskuntzaren aurrekontuaren jaitsiera. Eremu erdaldunean bizi diren gurasoek seme-alabak D ereduan hezteko jasotzen duten diru laguntza %53 jaitsi da. Hala, jangela eta garraio laguntza gisa, 259 euro beharrean, 5 euro jasoko dituzte.





907

Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren aurrekontua milioi eurotan. Heldu den urtean ia 907 milioi euro jasoko ditu Hezkuntza Departamentuak. Horietatik 3 milioi Euskarabideak jasoko ditu. Hala ere, euskara sustatzeko, 287.686 euro soilik baliatuko dituzte.





ETB ikusteko dirua Jaurlaritzak jarri behar du, Sanzen arabera

ETB Nafarroan LTD bidez ikusi ahal izateko dirua Eusko Jaurlaritzak jarri beharko luke. Hori da Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearen iritzia, atzo berretsi zuenez. «Guk ETB ikustea nahi dugu», esan zuen. Baina gogorarazi zuen ETB «Jaurlaritzari eskumenez dagokion telebista» dela eta, hortaz, dirua jartzeko ardura ere harena dela. «Jaurlaritzak finantzatzea iruditzen zait arrazoizkoena». Sanzen hitzetan, bere gobernua ETB ikustearen «aldeko jarrera du orain», Patxi Lopezen Jaurlaritzarekiko harremana «instituzio arteko errespetuarena» delako. Baina ETBren «jabea» Jaurlaritza dela gogorarazi zuen. «Jabeak ordaindu behar ditu bere jabetzak eta emisioa gure herrialdera zabaltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.