Heldu den urterako 3.148 milioi euroko aurrekontu proiektua prestatu du Nafarroako Gobernuak. Parlamentuko presidenteari eman zion egitasmoa Francisco Iribarren Ekonomia eta Ogasun kontseilariak atzo. Aurrekontu «onak eta errealistak» direla azaldu zuen Iribarrenek. Urte bukaerarako onartuak egonen direla iragarri zuen.
Nafarroaren 2005eko aurrekontu egitasmoa atzo onartu zuen UPN-CDNko gobernuak. Gero, 3.148 milioi euroko aurrekontu proiektua Parlamentura eraman zuen Francisco Iribarren kontseilariak. Bezperan Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak (CES) aztertu zuen proiektua. Kontseiluan biltzen diren sindikatuak (ELA,LAB, UGT, CCOO, UAGN eta EHNE) eta Gurelur talde ekologista proiektuaren aurka mintzatu ziren, eta CEN enpresaburuen patronalak, ANEL Nafarroako Lan Enpresen Elkarteak, Irache kontsumitzaileen elkarteak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak, aldiz, Gobernuaren egitasmoarekin bat egin zuten. Proiektua Parlamentuan utzi ondoren, gastuak zenbatzeko «kontabilitate aitzindaria» ezarri duela Gobernuak azpimarratu zuen Iribarrenek. «Ekonomi Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) gomendioei jarraituz, aurrekontuan gastu guztiak jarri ditugu eta sailka», azaldu zuen. Proiektuak 3.148 milioi euroko sarrerak aurreikusten ditu, iragan urtean baino %15 gehiago. Espainiari Itun Ekonomikoren bidez eman beharreko kupoa 461,1 milioi eurokoa izanen da. Halaber, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) hainbat aldaketa egin ditu Gobernuak. Heldu den urteko aurrekontuak «onak» direla esan zuen. «Hamar urte daramagu Nafarroarentzako politika ekonomiko ona egiten», argudiatu zuen. Aitzitik, sindikatuek proiektuari egindako kritikei garrantzia kendu zien kontseilariak. Iribarrenen iritziz, UGT eta CCOO «aurrekontuaren zati handi batekin ados daude». ELA eta LABekin berriz, «oraingoan, beste batzuetan bezala, inoiz» ez direla akordiorik lortzeko gai izan esan zuen.
Abendu bukaeran onartuko da Parlamentuan
Egutegia betetzen bada abendu bukaeran onartuko da 2005ko Nafarroako aurrekontu proiektua Parlamentuan. Atzo tramitera onartu zuen Parlamentuko Mahaiak. Iribarrenek azaroaren 16an aurkeztuko die proiektua Parlamentuko taldeei. Alderdiek hilaren 22ra arteko epea izanen dute zuzenketak aurkezteko. Osoko zuzenketak azaroaren 30ean eztabaidatuko dira eta zuzenketa partzialak abenduaren 2tik 15era.
Oraindik zehaztu gabe badago ere, abenduaren 23an eta 24ean egin daitekeen osoko bilkuran onar daiteke proiektua. Dena dela, UPN eta CDNk ez dute inolako arazorik izanen epeak betetzeko eta aurrekontua onartzeko, gehiengo osoa dutelako. Parlamentuko 50 jarlekuetatik 27 dituzte.
NAFARROAKO AURREKONTUAK
Nafarroak 3.148 milioi euroko aurrekontua izango du
Iribarren kontseilariak Parlamentura eraman ditu, eta «onak eta errealistak» direla esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu