Nafarroako Parlamentuko talde guztiek babestu dute emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako legea. Oposizioko kideek ere "ontzat" eta "beharrezkotzat" jo dute, oro har. Nabarmendu dute, batetik, giza eskubideen kontrako jardueratzat jo duela testuak emakumeen aurkako indarkeria; eta, bertzetik, forma guztiak jaso dituela. 2002ko legearen arabera, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik jasotakoa baino ez zen genero indarkeria, hain zuzen ere; gaur onartutako testuak, berriz, sexu indarkeria, feminizidioa, ablazioa eta emakumeen aurkako bertzelako indarkeria motak jaso ditu ere. Gainera, indarkeria jasan duten emakume guztiek ordaina jasotzeko eskubidea badutela zehaztu du lege berriak.
Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketarako kontseilari Iñigo Allik "aitzindaritzat" jo du Nafarroak gaur onartu duen legea. "Nazioarteko erakundeek zehaztutako markoa aintzat hartzen du", azaldu du. Lege berriak "ikuspuntu integrala" duela erantsi, eta nabarmendu du, halaber, profesionalen formakuntzak duen garrantzia jaso, eta ebaluazioa egiteko beharra aipatu duela. Azaldu du, gainera, indarkeria jasotzen duten emakumeen seme-alabak ere indarkeria horren biktimatzat jotzen dituela legeak.
Oposizioko taldeek ontzat jo dute gobernuak legea prestatzeko martxan jarritako parte hartze prozesua, oro har. PSNko Maite Esporrinek, hala ere, legea orain aurkeztu izana "hauteskundeei begira" egindako urratsa dela kritikatu du. PSNk, Aralar-NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak haien zuzenketen bidez testua "hobetu" egin dutela nabarmendu dute, batez ere. Ildo horretan, paperik gabeko emakumeen auzia aipatu du Aralar-NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek, Bildurekin aurkeztutako zuzenketa bati esker legeak jaso baitu paperik izan gabe ere, indarkeria jasan duten emakume orok badutela administrazioak haientzat eskaintzen dituen zerbitzu guztietara jotzeko eskubidea. Zerbitzuen alorrean egindako urratsa nabarmendu du Ezkerrako Txema Mauleonek. Talde horrek egindako zuzenketa baten harira, hain zuzen, legeak jaso du, zehazki, indarkeria jasan duten emakumeentzako zerbitzuen karta zein den.
Oro har lege ona dela uste badute ere, oposizioko kideek hainbat zalantza eta arrisku jarri dituzte mahai gainean. Batetik, neurri anitz gobernuak egin beharreko plan estrategikoaren esku gelditzen direla ohartarazi dute. Eta, bertzetik, diru sailak bideratzeko beharra nabarmendu dute. Argi utzi dute, halaber, legeak bakarrik ezin izanen diola indarkeria matxistari aurre egin. "Aldaketa soziala behar da, eta patriarkatuaren egituraren aurka eginen dituzten politikak", erran du Bilduko Bikendi Bareak. UPNren gobernuak, orain arte, halakorik ez duela egin gogoratu du Bareak, eta, bertzeak bertze, berdintasunaren esparruan ere murrizketak egin dituela salatu du.