OSASUNGINTZA

Nafarroak diruz lagunduko ditu pentsiodunak eta errenta baxuko herritarrak botiken berrordainketan

242.000 lagunek 8,23 euro ordainduko dituzte gehienez hilean sendagaien truke. 18.000 eurotik beherako errentak dituztenei ezarriko diete neurria.

Herritarrak erosketan, Kasedako botikan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 30a
15:08
Entzun

Fernando Dominguez Nafarroako Osasun kontseilariak eman du neurriaren berri, Luis Gabilondo Osasun zuzendariarekin, Alfredo Martinez Osasun Laguntzako zuzendariarekin eta Cristina Agudo Farmazia Zerbitzuen arduradunarekin. Urriaren 1etik aurrera eskatu ahal izango da, eta uztailaren 1etik aurrerako gastuentzat izango du eragina.

Botiken berrordainketa Espainiako Gobernuak ezarri zuen 2012an, eta, Dominguezen esanetan, Nafarroako Gobernuaren asmoa da pentsionistei sendagaiak eskuratzen laguntzea eta osasun alorrean desberdintasuna murriztea.

Gobernuaren arabera, 242.000 bat lagunek baliatu ahal izango dute neurria. 197.000 inguru, 18.000 euroko errentak baino gutxiago dituzten herritarrak dira. 45.000, berriz, 6.000 eurotik beherako errentak dituzten pentsiodunak. Egoera ez da aldatuko 6.000 eta 18.000 euro arteko errenta duten pentsiodunentzat, horiek jada badaukatelako 8,23 euroko muga.

Neurriak hiru milioi euroko kostua izango du urtero; aurten, milioi bat bideratuko dute horretara, uztailetik irailera arteko laguntzak ordaintzeko. Osasun etxeetan eta Osasunbideko Farmazia Zerbitzuen Kudeaketarako bulegoetan aurkeztu ahal izango dira. Herritarrek ez dituzte botikak erosi izanaren fakturak eraman beharko, datu horiek Osasunbideak izango baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.