Nafarroak eskatuko du datorren astelehenetik aurrera hurrengo fasean sartzeko, herritarren konfinamendua bertan behera uzteko prozesuan. Nafarroako lehendakari Maria Txibitek iragarri du eskaera hori egingo diotela Espainiako Gobernuari, berez erabakia Osasun Kontseiluan egin beharreko eztabaidaren pentzudan egon arren.
“Adierazle kuantitatiboei dagokienez, Nafarroak baldintzak betetzen ditu, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako ohe kopuruan eta bestelako osasun irizpideetan”, esan du Txibitek. Dena dela, ohartarazi du proposamena “dagozkion parte hartze organoetan” landu nahi dutela.
“Normaltasunera” itzultzeko prozesuan, Espainiako Gobernuak hainbat fase ezarri ditu, eta baldintza batzuk jarri ditu, fase bakoitzera igaro nahi duten lurraldeek bete beharrekoak. Hurrengo fasea –Espainiako Gobernuak egindako sailkapenean “lehenengo fasea” izango litzatekeena– datorren astelehenean hasiko da, maiatzaren 11n, eta fase horretan sartzen diren lurraldeetan aukera egongo da jendea biltzeko –betiere, hamar pertsona bitarteko multzoetan–, 400 metro koadro baino gutxiagoko dendek ateak zabaldu ahal izango dituzte, eta taberna eta jatetxeetako terrazak ireki ahal izango dituzte %50ean.
Osasun zuzendari nagusi Carlos Artundo zuhurrago mintzatu da, eta ez du argitu bere ustez Nafarroak hurrengo fasera pasatzeko baldintzak betetzen ote dituen, baina baikor agertu da: “Denok dakigu Nafarroa abiapuntu egokian dagoela prozesuari ekin ahal izateko”.
Artundok esan duenez, “trantsizio egokia” egin ahal izateko, hiru izango dira gakoak: “zuhurtasuna, parte hartzea eta, datuek horretarako aukera ematen dutenean, asimetria”. Hiru printzipio horiek izango ditu Nafarroako Gobernuak prozesuari ekiterakoan, Artundok adierazitakoaren arabera.