Nafarroako Gobernuak beste astebete luzatu nahi du etxeratze agindua epidemiologikoki arrisku oso handikoak diren tokietan: zehazki, abuztuaren 27tik irailaren 2ra arte luzatu nahi du agindu hori. Nafarroako Gobernuak ez du eskumenik neurri hori hartzeko, eta, aurrekoetan egin duen eran, eskea egin dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari.
Neurri horrek 01:00etatik 06:00etara kalean ibiltzea galarazten du larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan, eta usadioz herrietan festak ospatzen diren egunetan eta jai horien bezperatan. Hiru argudio eman dituzte osasun agintariek eskaera oinarritzeko: egoera epidemiologikoa, erietxeetako egoera eta neurri horrek duen eraginkortasuna. Gobernuak azpimarratu du oraintxe bertan birusaren intzidentzia eta erietxeen presioa «oso handiak» direla, eta, txertaketa onbidean den arren, ezinbestekoa dela babes eta prebentzio neurriei eustea. Joan-etorriekin lotutako neurriak kentzeak intzidentziaren jaitsiera eten dezakeela uste du foru gobernuak, eta horregatik dela ezinbestekoa haiei eustea. Ikasturte hasierara «ahalik eta egoera epidemiologiko onenean» iritsi nahi dutela gaineratu du foru gobernuak.
Nafarroak etxeratze agindua luzatzeko eskatu die epaileei berriz ere
Foru gobernuak abuztuaren 27tik irailaren 2ra luzatu nahi du neurria. Argudiatu du egoera epidemiologikoa eta erietxeetako egoera ez direla aski hobetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu