hezkuntza

Nafarroak ez ditu ikasleak pilatuko

Aldiz, irakasleei astean beste bi ordu erantsiko dizkie. Espainiako Gobernuak bi neurriak betetzeko agindu zuen duela bi aste.

2012ko maiatzaren 2a
15:18
Entzun

Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak jakinarazi du eskoletan ikasleak pilatzea baztertu egin dutela, eta batxilergo eta formakuntza profesionaleko politikei eutsi egingo dietela. Aldiz, irakasleei astean beste bi ordu erantsiko dizkie Nafarroako Gobernuak. "Erabaki hauekin eraginkortasunaren eta kalitatearen arteko oreka lortu nahi dugu", esan du Iribasek gaur, Iruñean.

Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak apirilaren 16an iragarri zuen, arloan dirua aurrezteko asmoz, ikasleak orain baino talde handiagoetan pilatzeko agindu ziela autonomia erkidegoei, eta maisu-maistren eskola orduak ere pilatzea nahi duela, orain baino bi-hiru ordu gehiago eman ditzaten astean. Gobernuak handik egun batzuetara onartu zituen murrizketak, dekretu baten bitartez.

"Ez ditugu neurri denak beteko, marra gorri batzuk daudelako", adierazi du Iribasek.

Unibertsitateetan, berriz, ikastea garestiago jarri nahi du Espainiak, eta matrikula ia %70 garestitzea proposatu die Madrilek erkidegoei, baina Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, oraingoz behintzat, ez du baiezkorik eman. "Errentagarritasuna bilatu behar da, kalitatea bermatuta", esan du Iribasek, baina ikasleen beken politikari ere erantzun egin behar zaiola adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.