Nafarroan uholdeen eragina pairatu duten guneei laguntza ekonomikoa emateko asmoz Nafarroako Gobernuak Espainiako Estatuarekin akordioa egingo duela adierazi du Lourdes Goikoetxea presienteordeak.
Euriak gogor jo zuen joan den astean Nafarroan, eta, ondorioz, hainbat ibaik gainezka egin dute. Ebro eta Arga ibaiak izan ziren gainezka gehien egin zutenak. Atzo arratsaldean, adibidez, Ebro ibaian, Fontellas eta Ribaforada artean zegoen dike bat hautsi zen.
Uholdeen ondorioz, Nafarroan oraindik hiru errepide itxita daude, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. N-113 errepidea da horietako bat, Iruñea eta Madril (Espainia) lotzen dituena; bestea, NA-5110 errepidea; eta azkena, NA-5202 errepidea, Fustiñana eta Ribaforada lotzen dituena. Horrez gain, izotzaren ondorioz, kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei gobernuak.