Nafarroako Osasun Departamentuak, ostegun honetatik aurrera, COVID-19aren txertoa jartzeko txanden sistema aktibatu du 12 eta 15 urte bitarteko 29.000 gazte ingururentzat. Helburua da adin tarterik gazteenetan txertaketak gora egitea, horiek baitaukate orain intzidentziarik handiena. Hala ere, adin tarte berri hori irekitzearekin batera, gainerako talde aktiboentzako txanden eskaintzak aurrera jarraitzen du.
Gaurtik aurrera, Osasunbideak SMS bat bidaliko du gazte horien historia klinikoan agertzen den sakelako telefonora, kudeaketa errazteko asmoz, ordua webgune baten bidez eskatzeko esteka batekin. Txertaketa lekura gurasoekin joango ez diren nerabeen guraso edo legezko tutoreek mezu berean dagoen baimen orri bat sinatu beharko dute.
Txertatzeko deia
Osasun Sailak azpimarratu duenez, «frogatua» dago pauta osoa eraginkorragoa dela COVID-19ak eragindako infekzioak saihesteko, osatu gabeko pautak edo ez txertatzea baino.
Bestalde, Osasunbideak zabalik dauden tarte guztietako biztanleak txertatzen jarraitzen du, eta aurrez aukera horri uko egin dioten herritarrak txertatzera deitu ditu. Herritarrak izurritik babestea eta kutsatzeak gutxitzea da helburu nagusia.
Biztanleria osoari dagokionez, Nafarroak 820.093 dosi eman ditu dagoeneko, eta, 12 urtetik gora, txerta daitezkeen biztanleen %70 baino gehiago daude pauta osoarekin babestuta. Guztira, 408.678 pertsona.